garaiko eskoletako talaiak berezi samar suertatu izan zaizkit beti. Magister jaunak bere arkumetxoei begiratu, liburua zabaldu, ez dakit zein orrialdetako ariketa koadernoan egin… . Handik aurrerakoak, belaunaldi jakineko bezerook erraz asmatuko duzue zeri zerion kirats herdoildu hori; izan ere, akorduko zirrikitu horiek erabat zokoratuak nahi nituzke, baina ezin.
Oroimenak gorabehera, egungo irakasleria oso bestelakoa dugu, erabat. Doktrinak, teoriak eta beste hainbesteko jakinduriak ez dira gaurko eskoletako lelo eta abiapuntu, eskerrak!
Gaztetu egin da ordea, akuilua maneiatzeko artzainaren espiritua edo kera, nonbait. Modernotasunaren garroak ote? Belaunaldi baten bilakaera akaso?
Hiri jakineko ikastetxeko irakasleria har dezagun baina, honen guztiaren adibide modura. Araugintza, puntuazioa, euskara batuaren ahoskera zaindua, aitaren, amaren eta espiritu santuarenak izango ditu hizpide artzaingoak, akuilurik ez ordea. Oraingoan artzaina arkumetxo bilakaturik, eman ta zabalzazu barik, eseri eta jaso, astirik behin behintzat.
Egoera bitxia da arkumetxoak lotsa-lotsa eginda ikustea, bai eta, aurkezpenetan murgiltze aldera, nork berea zuritzeko erabiltzen dituen adierazpideak ere, birziklajerako azterketan-edo.
Aldeari erreparatu eta berehala sumatuko dugu Magister horretan datzala, nik uste, izurri berri honek duen abantaila. Izan ere, arkumetxoak gobernatzen, edonork izan dezake gabeziaren bat, eta Belaunaldi jakinekook, Berrikasi, Berraztertu, eta nola ez Magister barik, gure maistra berriarekin Berrizorratu.
Barka beza maistra horrek, irakasle plantak egitetik jaitsi gara-eta. |