|
|
|
Iragarritako porrot baten kronika
|
 |
|
Iñaki Lasa
|
 |
2006.EKO otsailaren 8an Kultura Sailak Donostian duen ordezkaritzara bertaratu zen herritarra. Dirulaguntzen kontuak kudeatzeko zegoen bulegariak ez zekien euskaraz. Are okerrago, euskaraz zuzentzeagatik modu desegokian hartu zuen herritarra".
Arestiko adibidea Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2006.eko txostenean jasotako espediente bat besterik ez da. Urratzailea Kultura Saila da, Kultura Sailaren ardurapean dago Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Administrazio Orokorraren euskalduntzearen ardura zuzena duena. III. Plangintzaldiaren balantze aurrerapenaren haritik honako hau esan du Sailak:
"Sekulako aurrerakada egin dugu arlo horietan eta dagoeneko esan dezakegu hein handi batean elebiduna dela Administrazioa".
"Datuen arabera, arduradun politikoen erdiek inguru badakitela euskaraz. Gaur egun, beraz, Administrazioa prest dago euskaraz ere lan egiteko, neurri batean bederen".
"Kanpo proiekzioari dagokionez, orokorrean, euskararen presentzia bermatuta dago".
III. Plangintzaldiaren balantzearen aurrerapena egiten duen txostenean literalki jaso-tzen diren baiztapenak dira. 2004.ean Kultura Saila errealitatea edertuz gertatzen dena desitxuratzen saiatu bada ere, euskaldun-tzearen egoera Administrazio Orokorrean tamalgarria da. Komenigarria da, beraz, hu-tsuneak non dauden aztertzea irtenbide eraginkorra emateko.
Esan beharra dago hondoa zulaturik duen lapikoa ezin dela urez bete. Administrazioak euskara ez dakiten pertsonak kontratatzen segitzen du eta horrek eragin zuzena du ez bakarrik Administrazioaren hizkuntza egoeran, baliabideetan ere bai. Izan ere, euskalduna kontratatuz gero ez dugu sosik txikiena ere gastatuko haren euskalduntzean, beraz, euskararen normalizazioaren alde diru baliabideak liberatzeko modua da, dudarik gabe. Azken urte hauetan etengabeak izan dira Kontseiluaren kritikak egin diren enplegu eskaintza publikoetan ez delako hau kontuan hartu.
Azken mende laurdenean Eusko Jaurlari-tzak, eperik gabe lan egin du. Arian-arian formulak betetzen ditu testu juridikoak. Ez dakigu, beraz, noizko espero duten hizkuntza politika hau aplikatuz Administrazioa euskalduntzea. II. Plangintzaldiak ez zituen helburuak bete, III.ak ere ez, baina ari gara. Euskaldun berrioi garai batean "arinaiztar" esaten ziguten, "arinaiztarrak" ordea, Hizkuntza Politikaren arduradunak dira. Begira ezazue bestela:
"Azken bost urteotan erabilera plana onartu duten herri administrazioek gorakada nabarmena egin dute, %50era iristen dira".
Ehuneko 50ek bakarrik du erabilera plana 25 urte pasatu ondoren? Berdin da, ari gara.
"...herri administrazioen erdiek badute onartua erabilera plana".
Bakarrik? ari gara. Aurrerago:
"...plana definitu duten erdiek bakarrik egin dutela jarraipena."
Berdin da. Ari gara.
Eusko Jaurlaritzak langile taldearen %80 inguru salbuetsita dauka 45 urte baino gehiago dutelako. Haien lanpostua eskuratu duten pertsona horiek 45 urte betetzen dutenean ez dute euskara ikasi beharrik. Nola euskaldundu nahi du Administrazioa HPSk euskara ez dakitenak kontratatzen baditu eta langile gehienak salbuesten baditu? Iragarritako porrota, izan ere, 2004.ean eman genuen datua da hau. Hala ere, langile fin asko hortxe ari da jo ta ke euskara ikasten, baina...
"Hizkuntza eskakizunen bat egiaztatu duten hainbatentzat zail da mailari eustea. Eta zenbaitetan ezarrita dauden hizkuntza eskakizunak, agian, ez dira nahikoa euskaraz jarduteko".
"...lehen hizkuntza eskakizunaren maila oso baxua dela eta egunerokoan erabili ezean berehala galtzen dela...".
Behin ikasi ondoren, lan atal erdaldunetan kokatzen dituzten berriro langileak, euskara ezagutzen ez duen arduradun politiko baten aginduetara eta, noski, neke handiarekin lortutakoa erabiltzen ez denez ikasi baino azkarrago galtzen da. Euskara ikasten duen langilea euskaraz lan egingo duen zirkuituan kokatu behar dela, esan dugu hainbat aldiz, arduradun politikoek eta goi karguek salbuetsi beharrean ikasteko betebeharra izan beharko luketela ere esan dugu, beste aldean erantzuna: "Ari gara, ari gara, pazientzia behar duzue". Agortzen ari zaigu, ordea.
Derrigortasun data duten lanpostuak %40 dira eta horien %54k egiaztatu du hizkuntza eskakizuna. Indizea Biztanle Erroldaren arabera kalkulatzen da, 1996.eko Erroldaren arabera kalkulatu dute, zegokiena ordea, 2001.ekoa, aplikatu izan balute %44ko indizea beharko luke baina, tira, hor ere tranpak.
Hizkuntza eskubideak ez dira irizpide kuantitatiboak, ezinduentzako espaloiak ez dira egokitzen elbarri kopuruaren arabera, Administrazioak hizkuntza eskubideak errespetatu egin behar ditu euskaldunon kopurua edozein izanik ere eta horretarako lanpostu guztiek izan beharko lukete dagoeneko derrigortasun data; bitartean, hizkuntza eskubideen urraketen erantzuleak dira.
Utzikeriak lideratzen du hizkuntza politika. Begira ezazue bestela zer gertatzen den erabilera irizpideekin:
"Erakunde askok finkatu gabe ditu oraindik erabilerari buruzko hizkuntza irizpideak eta ezarrita daudenean, ere, askotan, ez dira ezagutzen".
"Erakunde barrura begirako harremanetan, batez ere, ahozkoetan, gaztelania da nagusi".
Bitartean, beti bezala, erantzule bat behar denez herritarrari eta langileari egurra, zergatik eta, ez duelako erabiltzen. Hurrengo urteetarako helburua ezagutzatik erabilerara jauzi egitea omen da. Baldintza hauetan jauzi ezinezkoa. Administrazioa euskalduntzearekin gertatzen ari denak gero eta garbiago uzten digu hizkuntza politika berri baten beharra.
* Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko arduraduna da |
|