|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Sintomatikoa
|
|
Goizalde Landabaso
|
|
 |
|
emakume batekin baino sintoma batekin maitemindu da A. Jakina, sentitzen duen ur tanta hori sintoma bat baino ez dela esan nionean erdi hasarratu zitzaidan. Bere barruan zerbait pizten zuen emakumea gutxietsi nuela uste izan zuen; bere sentimendu horien hutsaltasuna baino ez nion erakutsi nahi izan. A-ren aburuz bihotzaren sakonera heldu zaio Kupidoren gezia. Nire uste laburrean, aldiz, Kupidok beste zereginetan ziharduen sintoma ezagutu zuenean; musean jokatzen, beharbada. Hala ere bera tematuta dago: maitemindu naiz. M-k neronek bezala-tsu esan dio amodiotik oso urrun dagoela hori. Bere barruko zuloren baten garrasia baino ez dela sentimendutxu hori. Uler dezazun, irakurle maitea, zorneak infekzioaz ohartarazten gaituen bezala ohartarazi dio A-ri oraindik ere sentitzen jarrai dezakeela. Sentitzeko gaitasuna ez duela galdu. Horregatik esan diot sintoma bat baino ez dela. A galduta dago eta olatu baten zipriztinetik unibertso osoa eratu du. Eraikuntzan, baina, arazo latzarekin egin du talka: izarrik ez du, ez itsasorik, ez basamortuetako oasirik, ez Konstantinoplarik. Sintoma soila baino ez du; eta laster baino lehenago jabetu da horrek ez duela unibertso eder, emaro eta oparorako balio. Haitza erosionatu baino laztantzen duena, koloreetako arraintxoz beterik sormen etengabean dagoena. Iparragirrek ba esaten zuen: Eman ta zabal zazu. Zapoa jaten ari da. Ederra dago -esan dit- zure atzeko neska bezain ederra. Dana lanbrotute ikusten dau. Berak, noski eta naski, ez du inolaz ere ametituko. Postreetan aitorpen tragikoa egin dit (izan ere beste bizi-tzaren batean greziar tragediako antzezle izan da): Bizitza oso bat beharko dut sintoma ahazteko. (Lanbrotute, berresten dut). Gauza erraldoiagoa den maitasunak (pardon, mon amour; Maitasunak) Angelopoulos greziar zinemagilearen ustetan eternitatea eta egun bat baino ez dirau. Sintoma batek hasperen eta erdi baino ez du behar izango. Seguru. |
|