|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Musuen indarra
|
|
Karmele Jaio
|
|
 |
kondairak dio Mata-Hari exekutatu behar zuten unean, azken momentuan, honek musua bota ziela soldaduei, eta pelotoia osatzen zuten hamabi soldaduetatik lauk bakarrik asmatu zutela tiroa botatzen. Eszena honek ondo irudikatzen du musu baten indarra. Balak desbideratzeko ahalmena izan dezake, eta baita bizitza goitik behera aldatzekoa ere. Bizitzari zentsua eman diezaioke musu batek, baita bizimodu bat haustu eta trakestu ere.
Musu batekin hamaika eskopetarekin baino gauza gehiago lortu daitezke askotan. Txikitatik erakusten digute musu ematen lortu nahi duguna eskuratzeko. Gurasoen ordainsaria, hauen baimena itsasoko uretan zanga egiteko edo etxera beranduago heltzeko… Norbait ezagutu eta berehala ematen diogu musua. Lehen musua ematea erraza da, azkena ematea ei da zailena. Baina esaten dute lehen musua ez dela ezpainekin ematen, begiradarekin baizik, eta honek utzitako oihartzuna kanoi baten eztandak utzitakoa baino indartsuagoa izan daitekeela. Musua munduan dagoen hizkuntza unibertsal bakarra dela diote eta musu baten balioa zenbatu daitekeela. Horrela azaldu zuen Marilyn Monroek. Haren esanetan, bere garaiko Hollywooden 1.000 dolar ordaindu ahal zizkizuten musu baten truke, baina 50 zentabo besterik ez zure arimaren truke. Musua komunikazioa da batez ere. Bakar batek hitzaldi luze batek baino hitz gehiago izan ditzake. Pablo Nerudak esan zuen: Musu bakar batean ezagutuko dituzu esan ez dizkizudan guztiak. Musua hasiera da, baina baita bukaera ere. Erditzearen ondoren, gainean jarri dioten haurtxoari buruan musu ematen dio amak; amonari emandako musua azkena izan daitekeela pentsatuz irteten da haren etxetik iloba. Munduari agur esateko unean, Mata-Harik bezala musua emateko beste indar eduki nahiko genuke denok. Pelotoiko soldaduak nahasteko bada ere. |
|