|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
JJ
|
|
Karlos Gorrindo
|
|
 |
|
banoa joan, baina itzuliko naiz", egin zien mehatxu Douglas MacArthur-ek Japoniatik ospa egitera behartu zutenean bigarren Gerra Nagusia hasi aitzin. Itzuli eta a zelako triskantza eragin zuten gero amerikarrek, alajaina! Eta nago ni JJ-k ere ez ote duen antzeko mehatxua egin EBBko presidentzia utzi behar izan duenean. Nik ez dut sinesten alderdiaren batasuna eta interes orokorra hobetsi dituela pertsonalaren aldean erabaki hori hartzeko. Onartu egin behar zaio baina, botere-gose neurrigabea ez izatea, eta hau bada zerbait egungo politikagintzan. Nago ni, halere, makiabelikotzat hartzen zuten aurreko presidentearen ikasle bizkorra dela Imaz jauna. Erabateko boterea lortu ahal izateko egin dezakeen sakrifizio xume bat baino ez da hau, izan ere. Abiadura hartzeko atzera pausoa, hori baino ez da. Eta ez da gutxi! Xakeko erregina galdu, estrategikoki kokatutako zaldiekin jake-matea egiteko. Jokaldi distiratsua, inondik ere! Oraingo honetan Madrilera etengabean begira egoteak ekarri omen dio galera politiko koiunturala. Bada, gero! Nik ez dakit zer dugun euskaldunok uneoro kaltea baino eragiten ez digun Espainiako kapitalari begira egoteko. ETAk Espainiarekin nahi du negoziatu eta JJ-k Espainiarekin nahi du lankidetzan aritu. Hara begira jarri eta olio irakina bota buru gainera. Espainia ez da euskaldunok ditugun arazoentzako baltsamo sendagarria, burukomin guztien sor-tzaile baizik. Are eta gehiago haien espainiartasuna goratzen eta esfinterrak biguntzen hasi zaizkienez geroztik. Noiz demontre ikasiko dugu euskaldunok, bada, lotura edo menpekotasun psikologiko honek ez digula guk izan nahi duguna izaten uzten? Azken batean, menpekotasun akonplejatu hau fisikoa baino sendaezinagoa da. Bonbekin batera, konpleju-sorta galanta bota zuen Francok euskaldunon buru gainera, bai horixe! Eta hauetatik libratzen ez garen bitartean, jai dugu! |
|