|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Odola odola da
|
|
Xabi Larrañaga
|
|
 |
maiz entzuten da familia gauza sakratua dela, senideen artean edozein bekatu ulergarri edo barkagarria dela. Zikinkeria sukaldean gorde beharra dago, eta artzainak haserre daudelarik hobe gaztarik ez agertu. Bazterrotan jende askok itxiko dizu ahoa lege hori aitzakiatzat hartuta. Gizartearen arauek ez dute familiaren arauek besteko garrantzirik, beraz. Odola odola da.
Ez da, dena dela, horrela izan behar, beti ez da era horretara jokatzen. Petah Tikva hirian Ukranian jaiotako andre zahar-zahar bat bizi da. Sei urte zituela familia osoa erre zioten naziek, eta hamaika gorpuren azpian ezkutatuta lortu zuen ihes egin eta bizirik eustea. Berriki haren iloba atxilotu dute zenbait ekintza neonazitan parte hartzeagatik, non eta Israelen. Andreak uste du hura errugabea dela, ezin du sinetsi -"gu Adan eta Evaren garaietatik gara juduak"- gertatutakoa, baina esan ere esan du egia izanez gero naziek baino nahigabe handiagoa emango liokeela ilobak, eta nahiago zukeela Hitlerren soldaduek aurkitu eta fusilatu izan balute.
Bartzelonan bortxatzaile ezaguna kaleratu dute eta anaiak ez du ikusi ere egin nahi. Niretzat ez da deus, azaldu du, aspaldi desagertua da niretzat. Gurasoek, ordea, etxean hartu dute, delitua gogor salatu eta gaitzetsita ere delinkuentea maite behar baita, nonbait. Eta hemen, aldiz, familia gora eta behera ari gara etengabe, familiak dena estaliko bailuen. Logikoa da seme presoari bisita egitea, eta zeharo normala alabak egin duen hilketa okindegian ez aipatu eta, are gehiago, egia dela ukatzea. Odola odola da. Baina hain zuzen odola odola delako, eta besteren odola ere odola delako, bestelako jarrerarik eskertuko genuke odoldun batzuok. Egun bakar batean sikiera. Maitasuna ulergarri eta barkagarria baita. Miresmena, berriz, ez. |
|