Aurten ere euskal zinemak bere txokoa izango du Zinemaldian. Izan ere, Euskal Zinemaren Eguna egingo da gaur eta bihar, gainera, Baterako Ekoizpenaren III. Foroa egingo da Pirinioaz bestaldeko elkarlana bultzatzeko asmoarekin. Gaur gauean, bestalde, Ibaia, Amalur eta Berria sariak banatuko dituzte.
Azken hamar urteetan egin den bezala, Euskal Herrian ekoiztutako proiektuak eta bertako zuzendariek sortutako lanak jarriko dira ikusgai Principe aretoetan. Guztira iraupen luzeko hamar pelikula erakutsiko dira egunean zehar: Gente del mar, Akelarre, Cristobal Molon, Betizu eta Xangaduko Misterioa, Eutsi!, La influencia, Caotica Ana, Tras un largo silencio, Dos rivales casi iguales eta La sombra de nadie. Zinemaldiaren standean eskuratu behar dira proiekzioak ikusi ahal izateko sarrerak.
Horiez gain, Kimuak programako hiru saio berezi egingo dira egunean zehar, historian egin diren film labur onenekin bi eta aurtengo laburmetraiekin bestea: Loturak, Musika, Alimañas, Botones, Le Protecteur eta Itzalak izango dira erakutsiko diren 18 lanetako batzuk.
Gauean berriz, gala handi bat antolatuko da Maria Cristina Hotelean eta Ibaia, Amalur eta Berria sariak banatuko dituzte 22.30etatik aurrera.
Txarli Llorente eta Omer Okeren Mi Querida Bamako dokumentalak jasoko du ikus-entzuneko film onena saritzen duen Ibaia saria, Alberto Iglesias musikagileak, berriz, pertsona baten ibilbide profesionala goraipatzen duen Amalur saria jasoko du eta Ane Muñoz zinemagileari, azkenik, urteko laburmetrai onenaren Berria saria emango diote Loturak lanarengatik.
bihar, gehiago Euskal zinema bihar ere izango da aztergai Lau Haizetara deituriko Baterako Ekoizpenaren III. Foroan. Akitania, Andorra, Aragoi, Katalunia, Euskadi, Languedoc-Roussillon, Midi-Pyrénées eta Nafarroako lankidetza bultzatzea du helburu hitzordu honek eta proiektuak dituzten ekoizpen-etxeak, sektoreko profesionalak, banatzaileak eta telebistak elkartuko dira bertan. >e.a.s. |