|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Hipokondriakoak
|
|
Karlos Gorrindo
|
|
 |
|
horixe baizik ez dira espainiarrak, ez guztiak, aginpidea dutenak eta izan dutenak baino. Medikuarenera joan eta diagnostiko zehatza eginda, tratamenduan jarri behar direnak, tratamendu psikiatrikoan, izan ere. Esango didazue nabarmenkerietan nabilela, behin haien keriak azaleratzen hasiz gero. Baina ez, nirea haien sintomen diagnosia baino ez da. Gaixotasun hau baino larriagoak eta ankerragoak izan arren, bestalde, ez didazue ukatuko pena emateko modukoak ez direnik gure auzokoak. Zeren hipokondriakoa izatea ez da huskeria bat. Ez da fisikoa, hori ez, ez da begi bistakoa, lehen begiratura antzeman daitekeena, esaterako, hanka apurtu bat, betxindorra edo hemorroideak bezalakoa. Mentala da, buruak eragiten duena, psikikoa, alegia. Burutik jota daudelako ustea izango duzue batek baino gehiagok, baina haiek pitzatuta egon ez daude. Gaixorik, hori baino ez da, eta gaixo batekiko errukirik ez duena bihozgabea baino ez da. Eta guk, euskaldunok, bihotza handia eta gurina baino samurragoa dugu, bai horixe! Euskalerriarekin zerikusia duen orok ipurdi-estu jartzen ditu, tripalak eragiten dizkie, esku ahurrak izerditan eta kopeta ibai jartzen die. Klonoskopia eta endoskopia egiteko eskatuko dute, buruak sorturiko egonezinak funtsik ote duen ziurtatzeko. Oraingo honetan arnaseztuka jarri dituena Ibarretxe izan da. Hautsak harrotu dituena epe ez luzean deituko den balizko erreferenduma da. Erreferendum hau, ondorioz, minbizi gaiztoenekotzat hartu dute gizajoek eta bihar edo etzi hil egingo direlako eldarnioak hartuta daude, Espainiako zatiezintasun sakratua zirtzilduko zaielakoan. Gaueko loa eta eguneko arnasa lapurtuko die gaixotasun horrek eta ez dute besterik izango buruan, euren zoritxarrerako. Eta ez dakite, koitaduek, egunen batean somatizatuko duten gaixotasun mental horrek lasaitu ederra emango diela, ustezkoa dena egia bilakatzen denean. Bihar bertan izango ahal da! |
|