|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
'Cáspitas' eta caramba
|
|
Xabi Larrañaga
|
|
 |
lehengo urtean entzun nion tabernari bati, Bilboko Txurdinaga auzoan: "Kaben zotz! No vale ni para hacer ostias". Telebistari begira geunden eta Yestek ikaragarrizko hutsa egin zuen area txikian. Arrotza egin zitzaidan Kaben zotz! hori, bitxia, itsatsia. Hala ere, modu naturalean esan zuen edo, zehatzago, batere pentsatu gabe atera zi-tzaion. Eta futbolaz ari garela aspaldiko beste irudi bat daukat gogoan: Anoetan jarraitzaile sutsu eta erdalduna, epaileari oihuka, "jokoz kanpo, linier! Ha sido jokoz kanpo!".
Bi adibide baino ez dira, eta bi salbuespen. Ez baita oso normala haserre bizian -edo goxo-goxoan- geure betiko hitz eta esaeren ordez besterik erabiltzea. Ez naiz ama hizkuntzaz ari, ohituraz baizik. Autoan gilipollas de mierda irtengo zaigu atzekoa ondo-ondoan jarriz gero, eta ohean, orgasmoaren gailurrean, ez dugu sekula inongo liburutan ikasitakorik botako. Txikitan cáspitas eta caramba bezalako berbarik maiz irakurri arren zaila da erabiltzen duen umerik topatzea. Telebistak, bai, telebistak badu eragin itzela: Vaya Semanita saioak arestiko tabernari eta beste lagun askok Kaben zotz! sasietniko hori bere egin eta bat-batean botatzea lortu zuen. Eta ETB1ek ere han-hemenka zabaldu zuen Jokoz kanpo! hura euskarazko berbarik ezagutzen ez zutenen artean.
Patxi Salaberria eta Juan Jose Zubirik Nafarroako hamaika birao bildu dute Pamielak argitaratutako liburu zoragarrian. Zinez esker-tzen da lana, eta estimatzen ahalegina, pozgarria baita horrelakoak ahanzturatik salbatu izana. Nago, berriz, herri xeheak bainoago herri filologo eta itzultzaileak erabiliko dituela. Izan ere, asmoak asmo eta gurak gura, zeinek, zenbatek lurperatuko du bere eguneroko hijoputaurde zerria berpizteko? Eta galdera sakonago edo gardenagoa: zertarako? |
|