|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Ez da berdin
|
|
Karmele Jaio
|
|
 |
ta ezer ez da berdin. Horrela abesten zuen Hertzainak taldeak garai hartan. Eta kanta burura etorri zait metroan neska gazte bati eraso dion mutilaren irudiak telebistan ikusi ondoren. Ez, ez da inolaz ere berdin egoera bat ikusi edo norbaitek kontatzea. Zerk eragin du horrenbesteko oihartzuna komunikabideetan? Neska gazte bat eraso izanak edo erasoa ikusteko izan dugun aukerak? Egunero erasotzen dituzte emakumeak eta ez da eztabaida hain sakona sortzen. Eta ez bagenitu irudi izugarri horiek ikusi eta hitzezko salaketa bakarrik ezagutu? Ziur naiz ez ginatekeela eskandalizatuko berdin, nahiz eta neska aurpegia belztuta agertu kameren aurrean, nahiz eta haren aurpegia beldurraren fotokopia dela egiaztatu. Baina zuzenean ikusi dugu erasoa, eta ez, ez da berdin.
Emakume askok egunero euren etxeetan jasaten dituzten eraso eta tratu txarrak kamera baten bidez ikusi ahal izango bagenitu ez litzateke ere berdin izango. Bizi duten infernua gure begien aurrean ikusteko aukera izango bagenu, gure erreakzioa ere ezberdina izango litzateke. Ez da berdin eraso baten ondorioak edo erasoa bera ikustea. Ez da berdin egunkarietan aipatzen diren salaketak irakurtzea edo bizilagunaren etxean txilioak eta hormaren kontrako danbadak sentitzea.
Oporretara nonbaitera doanak ere esaten dizu argazkiak erakustean: hemen polita da baina han politagoa da. Ezberdina da. Bai, ezer ez da berdin. Metroan erasoa izan den neskaren irudiak ikusita bakarrik izutu baldin bagara, pentsa zer sentituko zuen berak. Guk zirrara sentitu dugu gaueko albistegian irudiak ikustean, baina gero afaltzen jarraitu dugu. Baina neska gazteak gauero egingo du amets erasotzailearekin, gauero sentituko da biluzik metroaren erdian, babesgabe. Ez, ez da berdin. Berarentzat ere ez da ezer berdin izango aurrerantzean. |
|