|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Ligatzeko moduak
|
|
Goizalde Landabso
|
|
 |
|
Aldatu egin dira zeharo liga-tzeko moduak. Ez dakit zu irakurle maite, baina ni batzuetan lekuz kanpo sentitzen naiz. Azkeneko esperientzia, honakoa. Arratsalde patxadatsu batean etxean nengoela sakelekoak jo zuen. Bai esan erantzun nuen, baina bigarren berbarako eten egin zuten. Nire telefono txikiak ez zuen zenbakia ezagutzen. Normalean egiten ez dudana egin nuen, telefono horretara deitu. Gizonezko baten ahotsak erantzun zidan. Gaztea zirudien. Azaldu nion bere telefonotik dei galdua nuela eta ia nor ote zen. Okertu egin zela erantzun zidan nerabe bozak. Horretan gelditu zen kontua. Hiru minutura, baina, sms bat jaso nuen. Como te yamas? Bai, neu be harritu nintzen. Nik dakidala yama animalia bat delako. Ez zan hizkera soilik, estrategiak harritu ninduen. Alegia, ezagutzen ez duzun zenbaki batera deitu eta erantzunaren arabera ligatzeari ekin. Kontua nora joan zitekeen jakin nahi nuen. Horregatik erantzun nion. MariaAsunciondelaOlla. Momentuan otu zitzaidan izenik bitxiena zen. Nerabeak erantzun egin zidan. Yo Giyermo. Erreza da horrelako kontu batean sartzea. Tell? Erantzun nion. Ortografian kale eta literaturan ez zebilen hobeto. No ingles, de dond heres? Arineketan pentsatu nuen leku bat, urrunekoa; ortzemugatik haratagokoa. Tanger. Nahikoa urrun begitandu zitzaion berari ere eta ausartu zen. Kieres k t apage el fuego? Bai, barre barretan murgildu nintzen. Nik bizkor eten nuen kontua. Suhiltzaileak banituela ez nuela besterik behar, eta surik amatatzekotan Tangerrera etorri beharko lukeela. Dond est eso? Geografian ere kale. Japonia alboan, esan nion. Urrunegi iruditu zitzaion eta desagertu egin zen. Nahi duzuna pentsa dezakezu, irakurle estimatua, baina betiko era, antigoalekoa dei diezaiokezu gura baduzu, baina nahiago dut hura. Begi, esku eta ahots ba-tzuk aurrean dituzularik berbarik bako hizkuntzak garrantzia duen hori. Zahartzen ari naiz. |
|