|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Kanpoan otso
|
|
Xabi Larrañaga
|
|
 |
madrilgo Metroko hiltzailea faxista omen da, eta gainera soldadua, eta gainera espainiarra. Omenik gabe esan dezagun: faxista izan behar labana eskuan eta Jose Antonio buruan etorkinen aurkako manifara doan soldadu espainiarrak. Gutako inork ez du bilatu eufemismorik, berba leungarririk, errealitate gordina lainotzeko baselinarik. Morroi hori faxista hutsa da.
Badirudi, beraz, faxista izateko derrigorrezko baldintza labana dela, aiztoa, edo espainiartasun osoa. Horiek barik ezin benetako faxista izan, gurean eta gureaz gehienez ere ekintzaile. Lagun liburu-dendari hainbat aldiz egin zioten eraso, baina zer den hizkuntza: erakusleihoa apurtzeko hasierako harriak faxista ultrek jaurtiki zituzten, eta azkenak, berriz, borrokalari ekintzaileek. Raul Guerra Garridoren botikari su eman zioten beste ekintzaile batzuek -edo berberek?-, baina kondoiak saltzen ausartu zen lehenengo farmazia ultra faxistek erre zuten, ez alderatu mesedez aurrekoekin. Mikel Martin, Zutik eta Ehgameko militante homosexuala, faxista harroputzek inguratu, iraindu eta jipoitu zuten era koldar bezain basatian. Hamaika zinegotzi eta kazetarik bizkartzainen laguntza behar du gure ekintzaileek inguratu, iraindu eta jipoitu ez dezaten. Hori bai: era patriotiko bezain altruistan. Oxtias con label vasco.
"Lárgate a África, puto negro" eta "Fuera de aquí, españolazo de mierda", toponimoak toponimo agindu bera da, ekintza bera da, desio eta nahi berbera da. Larru zuria eta neurona urdina izan ezean hobe da Madrilgo kale batzuetan ez sartzea. Territorio nazionala, antza. Hemen, aldiz, ez dugu horrelako auzo "liberaturik", keba! Izan ere, "los fascistas no tienen sitio en Euskal Herria" (sic). Lo que tienen es un chollo. |
|