|
|
|
Ondarroak ekimen ugari prestatu ditu santa zezilitan
|
|
Musikarien eguna azaroaren 22an da baina ekitaldiak larunbatean hasiko dira.
|
ondarroa. Urtero bezala musikarien jaia ospatuko da Santa Zezili egunean, azaroaren 22an, eta hori dela eta Ondarroako Udalak eta herriko Musika Eskolak hainbat ekimen ezberdin prestatu dituzte egun horren inguruan. Aurtengo ekitaldiak larunbat honetan bertan hasiko dira, azaroaren 17an, Kresala Kultur Elkarteko trikitilari eta pandero-joleek euren musika tresnekin kalez-kale egingo duten agerraldiarekin.
Datorren asteazkenean, azaroaren 21ean, umeen jokoak izango dira arratsaldeko 17:00etatik aurrera plaza Berduran eta ordu bete beranduago txokolatada itzela egingo dute Udal Musika Eskolan. Leku berean, 18:30ean, bertso txapelketa egingo da eta Eskolako ikasleek aurreko egunetan egindako marrazki txapelketaren sariak eta opariak ere banatuko dira. Lehiaketa honetan Santa Zezilia egunaren inguruko kartelak izango dira aztergai.
Musikarien eguna Santa Zezilia egunean bertan, azaroaren 22an, Eskolako arduradunak herriko ikastetxeetatik pasatuko dira euren ikasle diren umeen bila. Musikari guztiak batu eta entsegua egin ostean, herriko kaleetan barrena kalejira egingo dute eguerdiko 12:00etatik aurrera. Bertan Eskolako Banda, trikitilari, pandero-jole eta ikasle-irakasleak izango dira, guztira 95 bat partehartzaile biltzea espero dutelarik antolatzaileek. Arratsaldean Kresala Kultur Elkarteko trikitilari, pandero-jole, umeen abesbatza eta musika bandako kideei egokituko zaie herriko kaleak animatzea euren musika doinuekin.
Musikarien egunaren inguruko ekitaldiak aurtengoz amaitzeko, azaroaren 24an, larunbatean, Santa Zezilia kontzertua izango da Andra Mariaren elizan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Bertan Musika Eskolako metal taldea, akordeoi taldea eta Kantaize abesbatza arituko dira. Horiez gain, Andra Mari parrokiako abesbatza, Ondarroako Txistulari Elkartea, Antiguako Ama abesbatza eta Unanue Kamara Korala ere izango dira bertan. >I. Alberdi |
|