|
|
|
Kareletik
|
|
Zenbakiak 2008an
|
|
Ana Urkiza
|
|
 |
2007A zenbaki bat da eta 2008a beste bat izango da. 2007an, zenbakitan konta daitezkeen gertakari asko bizi ditugu eta 2008rako ere zenbagarriak diren helburuak jarriko.
Komunikabideen arabera, 2007ak, gerlak, heriotzak (atentatuen bidez, tratu txarren ondorioz, gosearen kariaz…), kokainaren kontsumo kopurua, hezkuntza sistemaren porrotaren portzentaia, dibortzio kasuak, inmigrazioaren hazkundea… hori guztia ekarri digu. Denak datu ezkorrak.
2008rako zer desio dugun galdetzen digutenean, ostera, elkarrizketatuek honakoak dituzte erantzun: etxea ordaintzea, kotxe berria erostea, oporretan joatea... Desioak ere, oro har, zenbakitan ematen zaizkigu.
Urtea baloratu ahal izateko neurketa hauek egiten direnean, zergatik ez ditugu beste honako gai hauek kontuan hartzen: hala nola, zenbat lagun berri egin ditugun, zenbat pertsonari lagundu diogun, zenbat heldu garen azken urte honetan, zer nolako ziurtasuna hartu dugun, zer nolako garapen pertsonala antzeman dugun, zer egin dugun zorion-tsuago izateko (gu eta gure ingurukoak), gure konpromiso mailarekin zer egin dugun, eskaintzeko gai ginenaren zenbatekoa eman dugun, zenbaterainoko asebetetasuna dugun bizi dugun bizitzarekiko…? Hau da, urtea baloratzerakoan, zergatik ez dugu telebista itzaltzen, kanpoko albisteez ahanzten eta albiste horiek gure barruan bilatzen?
Zenbakiak derrigorrezkoak dira. Horien arabera idazten ditugu egunkariak eta historia. Neurgailu ezinbestekoak ditugu. Baina ez dute gure bizitzaren %100 ordezkatzen. Historian eta egunkarietan ez baita idazten sentitzen duguna, asebetetzen gaituena edo handi egiten laguntzen diguna. Zenbakitan, ida-tzita geldituko dena neurtzen da, ez ordea, benetan zirrara eragiten diguna.
Pentsa dezagun, bada, 2008rako, zenbakitan oinarrituko ez den asmo txiki bat. Zorionak guztioi! |
|