|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Eskiula
|
|
Amatiño
|
|
 |
udaletan eseki beharreko banderen eztabaida berpiztu eta Nafarroako ezein leku publikotan ikurrinik jartzerik ez dagoen artean, Zuberoa eta Biarno arteko mugan, Eskiulako Udaletxean, Euskadiko ikurrina ipiniko da gaur ere eta, Gabonak direnez gero, neonezko lauburuak kaleetan zehar zintzilikatuko. Albistea ez litzateke apartekoa izango Eskiula Euskal Herrian balego baina... ez dago. Eskiula da Euskal Herritik kanpoko udalerri euskaldun bakarra.
Hiru Erregeren Mahaia edo Auñamendi baino ekialderago, Eskiula Biarnon dago, Oloronetik zazpi kilometrora baino ez. Euskaltzaindiak 1998an egin zuen Zuberoako Herri Izendegia eta Eskiula sartu zuen tarteko, nahiz eta zehaztu Eskiula ez zela Zuberoa. Euskaltzaindiak esan zuen Eskiula ez zela Zuberoa, ez zen ostera ausartu Euskal Herria ez zenik esaten.
Biarnotarra denez gero, Eskiula ez da Iparraldeko Euskal Udal Kontseiluaren partaide, baina herri barruan sartu baino ez dago konturatzeko ez duela bere euskalduntasuna saltzeko. Sarreran bertan, frantsesez gainera, Esquiule, herri-izena euskaraz adierazten duen kartela, Eskiula, euskal moldeetan idatzia.
Bestetik, Herriko Etxean, hiru ikurrinak, Europakoa, Frantziakoa zein Euskadikoa eta, eliza alboko hilerrian, euskal abizenak nagusi hilobietan, euskarazko othoitzak eta guzti, gure ama maitiari eta gainerako senideen orhoitzapenetan.
Ez da orain giro Eskiulan, ez behintzat udan besteko girorik. Abuztuko jaiak dira Eskiulako onenak, Baiona, Iruñea zein Olorongo bisitariak biltzen ahalegintzen direnak.
Euskual jeiak mintzo direnian
Eskiula beti da aitzinian
Egün ereinten dügün azia
Bihar date o giure frütia |
|