|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Krisiaz
|
|
Pili Kaltzada
|
|
 |
igogailuetan eguraldia nahikoa gai egokia izan ohi da orain arte. Gauzak aldatzen ari diren seinale edo izango da, baina azken bolada honetan, euri kontuak eta negu epelak bazter utzi ditu poltsikoak. Hilaren amaierara iristea zein gogorra den noiznahi entzun dezakezu, eta nornahik eman ahal dizu itzelezko lezioa burtsaren gora-beheren inguruan.
Urliak zioen aurrekoan jasanezina dela prezioen etengabeko gorakada, halakoan lehertu egingo zaizkigula sakelan daramatzagun lau sosak. Sandiak zioen, atzera, beti izan dela horrela, oraingo krisiaren mamuak aspaldiko arrastakinez egindako izara daramala soinean. Eta halaxe izango da, nik uste. Bietara. Bien bitartean, beherapenak dira gurean, eta kaleak jendez beterik daude; estropezuen garaia heldu da geurera: begi bat diru-zorroan eta bestea erakusleiho tentagarriei itsatsita.
Krisia, zertan datza krisia? Oinarrizko beharrak aise beteta dauzkan gure gizarte honetan, ongizatearen lurrinak anestesiaturik gauzkan honetan, zer esan nahi dugu krisian gaudela esatean? Ez dakit erantzuten. Ohi baino kapritxo gutxiago aitortuko dizkiogula gure buruari epe batez, zer gerta daitekeen argitu arte? Aste Santuko oporrak non igaroko ditugun pentsatzeari uko egingo diogula? Zertan aldatu ahal du krisiaren usainak gure eguneroko kon-tsumo-eredua? Ez dakit erantzuten.
Gizarte aberatsa da gurea, mundu osoko aberatsenetakoa da. Eta aberatsak gara, hortaz, gizarte honetan hazitako kimuak. Ongizatearen zelai emankorretan larratutako artaldea osatzen dugu, eta nekez egingo diogu uko hango belar eztitsu eta osasungarriari. Arriskuak oso urruti ageri dira paisaje zoragarri honetatik begiratuz gero. Hurrengoan, zertaz hitz eginik ez duzula, galdetu ondokoari: krisia, zer da zuretzat krisia? Kontatuko didazu halako baten, irakurle, zer erantzun jaso duzun. |
|