 |
|
|
 |
Leizarragaren 'Testamentu berria'. argazkia: deia |
|
|
|
Euskaltzaindiak Leizarragaren 'Testamentu Berria' erosi du
|
|
Jakina denez, hauxe da testu klasiko horren euskarazko lehen bertsioa eta 1571ean argitaratu zen.
|
 |
|
t. de la rosa
|
 |
bilbao. Euskaltzaindiak Joanes Leizarragaren Testamentu Berria erosi du eta 20.500 ingeles libera ordaindu ditu (26.969 euro inguru). Jakina denez, hauxe da testu klasiko horren euskarazko lehen bertsioa eta 1571n argitaratu zen. Joan den azaroaren 28an, Sotheby's enkante etxe famatuak Leizarragaren Testamentu Berria salgai jarri zuen, baina liburua eroslerik gabe geratu zen. Horren ondorioz, Akademia Londreseko enkante etxearekin jarri zen harremanetan akordio bat lortze aldera, eta azkenean, erosketa gauzatu da. Euskal testu klasiko guztiek beti izan dute berariazko interesa Euskaltzaindiarentzat eta ahal izan duen guztietan, ahaleginak egin izan ditu eta egiten ditu euskal testu klasikoen liburu esanguratsuak bereganatzeko.
Idazlea Joanes Leizarraga 1506an jaio zen Beskoitzen (Lapurdi) eta Bastidan (Nafarroa Beherea) hil zen 1601ean. Ez dago datu askorik bere bizitzaz, baina apaiz katolikoa izan zen eta, ondoren, Erreformari atxiki zitzaiola, artzain protestante bihurtu zen. Joana III.a Albretekoa Nafarroako erreginaren aginduei segituz, Bearnoko protestanteen sinodoak Itun Berria eta beste hainbat testu erlijioso protestante euskaratzeko eskatu zion, lan hori egiteko zenbait laguntzaile izan zituelarik.
Egitasmo horren baitan hiru liburu argitaratu ziren guztira, hiruak Arroxelan, 1571n: lehena Jesus Krist gure Jaunaren Testamentu Berria, bigarrena Kalendrera eta hirugarrena ABC edo Kristinoen instrukzionea. Horietatik garrantzitsuena lehena da; bertan, Itun Berriaz gain, beste zenbait testu erlijioso ere biltzen dira. Hori da Euskaltzaindiak erosi zuen liburua.
Garrantzi handia Testamentu Berria liburua euskaraz argitaratutako bigarren liburua da eta garrantzi berezia du hainbat alderditatik begiratuta, baina agian nabarmendu beharrekoa da euskara batu eta goi mailako bat egiteko lehen saioa izan zela. Euskaltzaindiak argitaratu zuen, 1990ean, Hugo Schuchardt hizkuntzalari alemaniarrak paratutako Leizarragaren Testamentu Berriaren edizio kritikoa. Liburu hori 1900ean argitaratu zuen Schuchardtek, Theodor Linschmannen laguntzaz, eta ondoko izenburuarekin kaleratu zen: I. Leiçarragas Baskische Bücher von 1571 (Neues Testament, Kalender un Abc) heraugegeben von Th. Linschmann und H. Schuchardt. Liburuan Schuchardtek eginiko bi testu daude: hitzaurrea eta edizioa prestatzeko erabili ziren irizpideak azaltzen dituena. |
|