Idazle iruindarrak gogoetarako gonbitea luzatu du bere azken lanean, 'Bezperaren bezpera' saioan. 'Elektroshock' gisako metodoa erabili du, gainera: azken 30 urteetako Euskal Herriko gertakarien "gupidagabeko" azterketa autokritikoa. "Hitz-erdika ez goaz inora", dio iruñea.Idatzi duzun aurreneko saiakera da Bezperaren bezpera. Zure iritzia era gordinean plazara-tzeko hautatu zenuen genero hori?
Neurri batean, bai. Halere, fikzio idazlea eta kazetaria naiz. Orain, kazetaria baino gehiago, iritzi-emailea, hainbat komunikabidetan idazten baitut nire iritziak emanez. Liburu honetan jorratu ditudan gaiak nire iritzi artikuluetan plazaratu ditudanak dira, eta baita nire literatur lanetan modu batean edo bestean agertzen direnak. Metaforak erabiltzeaz nekatua nengoen eta inork "ez dut ulertzen" ez errateko moduko lan bat idatzi behar nuela erabaki nuen.
Kritika nagusitzen da bertan. Zinez gogorra den kritika.
Agian bai, baina hitz-erdika ez goaz inora. Halere, aise ere gogorragoa, gaiztoagoa eta krudelagoa izan nitekeen. Izan ere, ikuspegi politikotik, konparatzen badugu 70.eko hamarkadan genituen asmoak, proiektuak, usteak, eta gero zertan gelditu diren... 30 urte hauetako azterketa egin behar bada, kritikoa izan behar du, eta gupidagabea.
Autokritika ageri da, batik bat, liburuan. Edonola ere, ezker abertzalea da gehien kolpatu duzuna.
Egia da ezker abertzaleari leku gehiago egiten diodala abertzaletasun osoari egiten diodan kritikan. Nafarroan oraintsu arte indar abertzale nagusia, hegemonikoa, izan delako egin dut hori. Eta ezker abertzaleari PSOEri edo UPNri baino kritika gehiago egitearen arrazoia garbi dago: liburu hau ez du PSNko ezta UPNko inork irakurriko.
Nafarroa eta biolentzia. Gai horiek finko dituzu lan honetan.
Bai, nik uste dut Nafarroan biolentziaren bortizkeriaren kontuak sekulako garrantzia izan duela 30 urte hauetako historian. Ikaragarri baldintzapetu gaitu. Indar aber-tzaleen akatsak eta estrategia okerrez aparte, benetan fenomeno erabakigarria biolentzia izan da. 1977an amnistia eman zen momentuan, azken presoa atera zen unean, ETAk erabaki izan balu denda ixtea, eta bazuen aukera ikaragarria, nik uste dut hurrengo urtetako historia erabat diferente izanen litzatekela. Ez dut horrekin esan nahi Nafarroa bat eginen zuenik herrialdeko gainerako hiru probintziekin, kontu hori oso zaila baitzen, baina horretarako oztopo objetiboetako bat desagertuko zen.
Politikari abertzaleek banaturik egoteagatik agintzeko izan duten gaitasun eza sarritan nabarmentzen duzu. NaBaik osatzen duen koalizioak dakartzan abantailak nabarmentzeko, nonbait?
Horren aldeko apostua egiten dut liburuan, bai. Izan ere, Nafarroan, adibidez, 77ko hauteskundeetan abertzaleek diputatu bakarra atera izan balute, aski izanen litzateke hurrengo urtetan eramandako norabidea aldatzeko.
Halere, egun ere abertzale guztiak ez doaz batera.
Hor biolentziarekiko pertzeptzioa dago jokoan. Gai klabea beti da hori.
Transbertzaletasuna aipatu zenuen berriki zutabe batean. Halabeharrez transbertsal izan behar dugu?
Euskaltzale edo abertzale modu irekian izan gaitezke. Ezin gaitezke sektarioak izan. Kalte handia egin digu taldekeriak. Une honetan, gure indarrarekin, behartuta gaude transbertsale izatera.
Dena txarki egin dugu 30 urteetan?
Nik ere, neurri batean, 77an baino hobeki gaudela pentsatzen dut. Politikoki horrelako desastre izan ez balira, kulturalki eta sozialki izan ahal genituzkeen irabaziak hagitz eta handiagoak lirateke. Hau da, politika aldetik eraman ditugun bide okerrek trabatu dizkigute kultura eta hizkuntza aldetik eraman ditugun bideak. Horietan ez dugu okerrik egin. Egun, Euskal Herriaren proiektu politikoa ez da bideragarria, eta segur aski hurrengo hamarkadetan ezta ere. Euskal Herriaren gainean bideragarria den proiektu bakarra kulturala da. Are gehiago, une honetan Euskal Herrian dauden proiektu politikoek traba egiten diote proiektu kulturalari. Behardaba garaia da gauza guztiak berplanteatu eta, benetan abertzale baldin bagara, politika Euskal Herri kulturalaren proiektuaren baitan jartzea. Hau da, egiten den politika egin dezaiola mesede proiektu kulturarari. Ikusiko dugu 30 urteren buruan zer gertatzen den.
Esan bezala, oroz gain, Nafarroaz ari zara zure azken lanean. Nolanahi ere, Foru Erkidegorako esaten dituzun gauzak EAErako ere balio dutela diozu.
Nafarroa berezia dela esateko joera dago, baina nik alderantziz sentitzen dut. Haiek dira bereziak. Eta Nafarroan azken 30 urteetan zer gertatu den hobekiago aztertuko balute, gako batzuk aurkituko lituzkete Euskal Komunitate Autonomoan zer gerta daitekeen ikusteko. Liburu hau ez da bakarrik Nafarroan irakurtzeko.
Kapitulu ia oso bat, preseski, Arabari eskaintzen diozu.
Arabako kasua Nafarroakoarekin parekagarria da. Proiektu autodeterminista batzuk ikustean, Araban gehiengoa biltzeko inolako aukerarik ez dutela ohartzen zara. Nafarroan zer gertatu den aztertuko balute, beharbada, Araban zer gerta dakieken jakiteko hausnarketa gehiago izanen lukete.
Zer ikasi beharko luke, bada, EAEk Nafarroatik?
Gehiengoen eta gutxiengoen arteko erlazioan oinarritutako proiektua. Hau da, Nafarroan betidanik gehiengoak gutxiengoari inposatu dio izan behar duena. Badirudi Mendebaldean UPNk eta PSNk gurekin egin dutena errepikatzeko prest daudela. Gehiengoak erabakitzen dutena aldarrikatzen dute. Eta hori zer da, azken batean, guri hemen egiten digutena baizik. Gainera, hasten bagara gehiengoen eta gutxiengoak aztertzen, Arabak kontua hautsi egiten du, han gehiengoa ez baita abertzalea. Hoberena gehiengoaren eta gutxiengoaren artean adostutako zerbait da, finean. Hori da Nafarroatik atera beharko luketen ikaskizuna. Harritu egiten nau, han horren gainean dagoen despiste ikaragarria. UPNk existitu ez bagina bezala tratatzen gaitu nafarren laurdenari. Eta mendebaldean espainol sentitzen den jendea existituko ez balitz bezala egiten dute. Baina %40a baino gehiago dira. Eta Araban gehiengoa.