|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Notiziak
|
|
Pili Kaltzada
|
|
 |
errealitatea ez da egunkari honetako (ez beste egunkarietako) orrietan ageri den hori. Dena delako hori, esan nahi dut. Egunkariek, irrati, telebista eta blogek errealitatearen zati bat hartu eta hamaika modutara bihurritu egiten dute, nork bere interesen arabera, mundua ikusteko modu partikularraren arabera. Jakina, erantzungo duzu, irakurle, begien bistakoa baita hori. Zer da orduan, errealitatea? Askotan galdetzen diot nire buruari horixe, aspalditxo honetan bi edo hiru errealitate desberdin teilakatzen baitira nire ingurumarian.
Krisi ekonomiko handiaren gerizpean, Bilbo inguruan azken urteotan abian jarritako negozio txiki askok pertsiana jaitsi behar izan dute. Etxe-salmentako negozioak ziren gehienak, merkatuaren unerik distira-tsuenetan perretxikoen modura agertu ziren horiek. Bostehun agente inguru zeuden joan den urtean; jadanik ehunen bat itxita daude.
Bada antzeko kasu gehiago. Urliak aurten egin nahi zuen etxean erreforma handia, sukaldea, egongela eta abarrekoa, baina krisiaren usainean beste une egokiago baten esperoan geratuko omen da, zer gerta ez dakigularik, arriskutsua irizten baitio aparteko gastuetan sartzeari. Ez da bera bakarrik. Sendiak aspalditxo amestutako oporrak aurten izango zirela esana zigun, baina atzera egin du… beste uneren baten izango da, esan digu kopetilun.
Gauza batzuek garrantzitsuak dirudite eta halaxe agertzen dira komunikabideetan, distira apartekoarekin. Beste batzuek, ordea, aparteko garrantzia dute, eta ez dira eskuarki inon ageri, adieraztea halako lotsa, halako zer edo zer emango balu bezala. Adiskide hauen komeriak ez dira egunkarian ageri. Ez dira notizia. Errealitatea, baina, Errusiako Matriuska panpinen antzekoa da. Gertakari handiak bere baitan biltzen ditu bestelakoak, jatorrizkoaren antz handi-handikoak, txikiagoak, ez haatik garrantzirik gabekoak. |
|