|
|
|
Gernikako merkataritzan euskarak gero eta presentzia handiagoa du
|
|
Udalak egiten duen kanpainak herriko supermerkatuak ere hitzarmenean sartzea izango du helburu aurten.
|
 |
|
Imanol Fradua
|
 |
gernika-lumo. Apurka-apurka baina etenik gabe, gero eta euskara gehiago egiten da Gernika-Lumoko saltokietan eguneroko jardunean. Horrela antzeman daiteke Udaleko Euskara Sailak eman dituen datuei erreparatuta, herriko 126 denda desberdinetan egindako jarraipenaren ostean.
Datuok orain dela 14 urtetik hona Udalak egiten duen merkataritza euskalduntzeko kanpainaren bitartez jaso dira, eta bertan saltzaileek duten hizkuntzaren ezagutza da gehien nabarmentzen dena, %81 euskaldun moduan agertzen baitira, iaz baino %3 gehiago. Dena dela eta ohikoa den legez, ezagutza eta erabilera ez dira bat etortzen, baina azken honek ere gora egin zuen 2007an, %69raino helduz bezeroekin euskaraz izaten dituzten harremanak.
Azken datu honetan ez da bakarrik ahoz euskaraz jarduteko gaitasuna jasotzen, idatziz egiten diren faktura, agiri eta edozein komunikazio ere kontuan hartzen dira, eta honek emaitzen jaitsiera eragiten du behin baino gehiagotan. Gainontzeko neurgailuek ez dute aldaketa nabarmenik izan, baina ez da atzerapausorik eman.
Idoia Fernandez, Euskara saileko zinegotziak "bilakaera positiboa" dela aipatu du, "batez ere azken urteotakoa". Fernandezen iritziz "saltzaileak apurka-apurka konturatzen ari dira euskaraz aritzea merkataritzarentzako errentagarria dela, hitzarmena sinatzean kontsumitzaileen eskubideen alde daudela adierazten baitute". Horregatik 2007an zehar beste bederatzi saltoki berri atxiki dira kanpainara. Honenbestez, besteek legez, saltokiaren jarduna euskaraz izateko konpromisoa hartuko dute, urtero helburu desberdinak bete beharko dituelarik Udaleko teknikarien laguntzarekin.
Iaz egindako ekimenen artean fruta denda, harategi eta arrandegietan produktuen irudi eta izenez osatutako kartelak banatu dira. Izena produktu bakoitzaren irudiarekin lagunduta inprimatu ziren eta horrela saltokietan euskarazko izenak erabiltzeko ohitura zabaltzeko laguntza handia eskaini zen.
Aurtengorako ere prestatu dira zenbait ekimen, guztien artean nabarmenduz udalerrian dauden dozena erdi supermerkatuei hitzarmenean parte hartzeko deialdia egingo zaiela. |
|