|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Bizitza publikoa eta pribatua
|
|
Rikardo Arregi
|
|
 |
Aztoraturik dabil jendea Sarkozy-Bruni aferarekin. Askorentzat Frantziak jasaten duen gainbeheraren erakusle argiena da bizi-tza publikoaren eta bizitza pribatuaren arteko nahasketa hori. Orain arte bertako egunkariek (eta hiritarrek) ez omen zuten Frantziako presidenteen bizitza pribatuak kontuan hartzeko ohiturarik, haien eginkizun publikoetan baino ez zuten arreta jartzen. Postmodernitatea, baina, Frantziara iritsi da, modernitatearen jaioterrira heldu da.
Publikoaren eta pribatuaren arteko mugak 70. hamarkadako feminismoak zalantzan jarri zituen lehendabiziko aldiz, "bizitza pertsonala politikoa da" eta horrelako esaldiak eta kontzeptuak plazaren erdian paratuz. Gerora mugimendu gay-lesbianoek gai bera aztertu zuten: norekin oheratzen den bat afera politikoa ere bada. Eta Foucault bezalako filosofoek ikertu zuten boterearen papera gure oheetan. Modernitatea erosoago izango zen agian, dena bere lekuan baitzegoen, baina mugimendu eta pentsamendu horiei guztiei esker logela barruan gertatzen diren tratu txarrak, adibidez, ez dira jadanik bizitza pribatu. Emakumeen, eta beraz guztion, bizitzak hobetu dira, nire ustez, publikoaren eta pribatuaren arteko muga batzuk desegin direnetik.
Dena ez da abantaila eta askotan galdurik gabiltza plazatik etxera eta etxetik plazara, ez baitakigu oso ondo zer den etxeko eta zer plazako. Argi ikusten da Sarkozyk arazo sentimentalak erabiltzen dituela hiritarren arreta desbideratzeko, eta politiko askok ideologia albo batera utzi eta haien zakurrak zein ondo trata-tzen dituzten erakusten digute. Baina fribolo garenok une onak pasa ditugu gauza hauekin; niri, adibidez, iltzaturik gelditu zait buruan Bruniren abesti bat eta egunak joaten zaizkit Quelqu'un m'a dit que tu m'aimais encore kantatzen. Ai! |
|