 |
|
|
 |
Amelia Hernandez, Piarres Lafitteren lana jasotzen duen liburuaren egilea. Argazkia: Oskar Martinez |
|
|
|
Piarres Lafitteren lana aztertzen duen liburua aurkeztu dute
|
|
Euskaltzaindia eta Euskal herriko unibertsitatearen arteko hitzarmenari esker argitaratu da liburua
|
 |
|
S. Atutxa
|
 |
Bilbo.Piarres Lafitteren ekintzabideak (1920-1944). Kultura jasoko euskaltzaleen sarearen baitan liburua aurkeztu zuten atzo Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Bilbon, Akademiaren egoitzan. "Oso garrantzitsua da euskeraren normalizaziorako bi erakundeen arteko elkarlana aurrera ateratzea. Gure asmoa liburu gehiago aurrera ateratzea da", esan zuen Andres Urrutia, Euskaltzaindiako presidentea.
Piarres Lafitteren ekintzabideak (1920-1944) liburua Amelia Hernandezen doktorego tesia da eta Joseba Agirreazkuenaga eta Javier Diaz Nociren zuzendaritzapean burutua da. Izenburuak adierazi bezala, Piarres Lafitte idazle lapurtarraren figura eta lana aztertzen ditu zehatz-mehatz.
Amelia Hernandezek hainbat ikuspuntutatik aztertu du Lafitten figura. Hala, bada, Piarres Lafitteren sare intelektualaren kideen berri emateko datu basea sortu du. "Lan honetan -dio tesiaren egileak- saiatu izan gara taldeko harremanak ezagutzen, euren ezaugarriak aztertu eta, garaiko giro sozio-- politikoa kontuan harturik, Piarres Lafitteren 1920tik 1944ra bitarteko garaiaren egoera kulturalaren berri izatea".
Aipatu datu basea osatzeko, sei elkarte kultural aztertu ditu: Société des Sciences, Lettres et Arts de Bayonne, Eskualzaleen Biltzarra, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Gure Herria elkartea eta Euskal Museoa. Gutunak ere irakurri ditu Hernandezek, eta Lafitteren garaikideei elkarrizketak egin dizkie ere. Horrek guztiak erakusten du "1920tik 1944ra bitartean sare kultural mamitsua osatu zela Iparraldeko euskal eremu kulturalean eta Piarres Lafitte sare horren partaide esanguratsua izan zela", aipatu zuen Ludger Mees, Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ordea. Horrezgain, Meesek goraipatu zuen, Amelia Hernadezen lana "doktorago baten fruitua delako. Gainera, egindako ikerketa euskal kulturarako ekarpen haundia suposatzen du".
Lafittek berak aitortzen zuenez, Saint-Pierre artzapezpikuaren eraginez egin zen euskaltzale eta abertzale. Eskualduna, Gure Herria, Le Courrier de Bayonne, La Presse eta La Liberté de Sud-Ouest aldizkarietan argitaratu zituen bere lanak.
1934an Aintzina izeneko hilabetekaria sortu zuen eta 1944an Herria aldizkaria, Telesforo Monzon eta Sotaren laguntzarekin, eta Lafitte bera izan zen zuzendaria. 1952an euskaltzain oso izendatu zuten. Ohorezko kalonje izan zen Baionako katedralean (1961) eta Doctor Honoris Causa Euskal Herriko Unibertsitatean (1982). 1983an Euskaltzaindiak Lafitteren omenezko liburu bat kaleratu zuen 50 bat ikertzaileren lanez osatua. |
|