|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Banderak
|
|
Juanjo Olasagarre
|
|
 |
kosovoren autodeterminazioak zer pentsatua eman digu aste honetan, hainbeste mintzatu diren guztiak erretrataturik gelditu dira. Eusko Jaurlaitzak esan gabean egin du Euskal Herriarekiko konparazioa; Batasunak zehatz-mehatz galdetu du zergatik han bai eta hemen ez; Espainiako Gobernuak batere antzekotasunik ez dagoela seinalatu du; Duran i Lleidari bere eite klasista igarri zaio deklarazioen azpian gu ez gara gizajo horiek bezalakoak irakur baitzitekeen; ez dugu ispilu horretan begiratu nahi uler zitekeen ERCren buruen hitzetan.
Ez dut afera gehiegi ezagutzen. Dubravka Ugresic dut gidari Jugoeslavia ohiaren kontuetan, Kroazia- Bosniara egindako bidaia batean erositako lau libururekin batera. Gutxi, beraz.
Autodeterminazioaren alde egonik uste dut, hala ere, hegoaldeko eslaboak eta inguruan bizi diren beste etnia batzuetako minoriak hobe zeudela nazio bakarraren pean elkarturik, Titok asmatu zuen Jugoeslavia hartan. Baina, bestalde, ez badakite elkarrekin bizitzen, uste dut banatzea dela hoberena.
Dena dela, orain Kosovo banderez josita egonen da.
Gutxik erabiliko dute Nazio Batuen lehiaketa irabazi duen bandera urdina, mapa eta bost etniak irudikatzen dituen bost izarrekin. Gehixeagok, Serbiarren bandera, eta gehienek Albaniarren banderatik eratorritako albano-kosovarrena. Gorri-gorria eta halako herensuge beltz bat duela.
Seguru kosovarren etxe guztietan daudela, telebistaren gainean, sukaldetan, ezkaratzetan, zintzilik, etzanda, mastarekin, gabe. Ea arropa kolonizatzen duten, hemen legalizatu berritan ikurrinak bezala, toailetako, maindiretako, kulero-kantzontzilo, maindire, kamisetetako estanpatu huts bilakatuz! Estanpatu eta huts. |
|