DEIA
Registro | Conectar
ULTIMA HORA EDICIÓN IMPRESA SUPLEMENTOS ESPECIALES CANALES SERVICIOS
27-02-2008
Herrialdeak Gizartea Iritzia Politika Mundua Ekonomia Kirolak Begira Telebista Azkena
Iritzia
Gutunak
Gure Iritzia
¿Quién es más independiente y plural?
Huelvak edo Vigok beste
Augures
Itxaropenez esan dezagun
Los rostros del día
Dicen...
Itxaropenez esan dezagun
Arantxa Jaka
GURE Aita zeruetan zarena. Horrela hasten da Jesusek bere ikasleei erakutsitako otoitza. Jainkoari Aita deituz. Eta esanez guztion aita dela. Ez nirea bakarrik. Euskaraz ari garenean ere halatsu hitz egiten dugu: gure aitak esaten du…, edo gure amak gogoko du… Neba-arreba guztion aita-amak, ez nireak soilik. Halaxe da Jesusen Jainkoa: gurea, denon Aita. Ez da aita menperatzaile eta zapaltzailea, denak bere esanera makurrarazten dituena. Zeruko Aita da. Zeruko Aita onbera eta zuzena, xamurra eta sendoa, barkabera eta bizia. Gu, lurrean, aita-ama garenean, bere antzeko izatera deitzen gaituena. Hori da itxaropenez bilatzen duguna.

Santu izan bedi zure izena. Jainkoa ez da edozer gauza. Jainkoak gero eta Jainkoago izan behar du bakoitzaren bihotzean eta gu guztion gaurko lurrean. Jainkoa eguneroko bizitzan txertatua deskubritu behar dugu, une zailetan eta sufrimenduan nahiz munduko edertasunean. Horixe da, gaur eta hemen, bere izenari izana aitortzea, Santu deitzea. Hori da itxaropen berriari ateak zabaltzea.

Etor bedi zure erreinua. Ez da mundu honetako boterearen eta indarraren erreinua. Erreinuak bizitza berria esan nahi du, maitasunak sortutakoa, Jesusen erara eraikiz goazena: justizia, duintasuna, elkartasuna, bakea… oinarri dituen bizitza. Erreinuak ez daukala mugarik adierazi nahi digu, beti irekia dagoen bidea delako Jainkoa helburu duena. Hauxe da mundu berri baten itxaropenaz bizitzea.

Egin bedi zure nahia, zeruan bezala lurrean ere. Jainkoaren bideak gonbitezko bideak dira, norberak bere bide zuzena aurkitzeko. Hori da bere nahia, bizitzaren oinarriak askatasunez finkatuz bakoitza, aske, bere bidea urratuz joatea. Zailtasun eta eragozpenek ez gaituzte etsiarazi behar, Jesusen Espiritua han eta hemen dabilelako guztion zorionbidean argi eginez.

Orain urte batzuk lagun batek bere margo bat opari egin zidan. Honela zioen: "lurrean ere zeruan bezala". Dei bat izan zen niretzat. Behar bada, lurraz ahazturik-edo, zerura, abstrakziora gehiegi begira nenbilelako. Lagun hau minbiziaz hil da. Zeruko itxaropen betean da. Baina gurekin bizi zenean, lurrean bazela itxaropen adierazi zidan bere margoaren eta hitzen bidez.

Emaguzu gaur egun honetako ogia. Bizia, lurra, unibertsoa emana izan zait. Ez dira nik sortuak. Deskubritu eta onartu egin behar dut, dena nire esku egon gabe. Gure ahalmenak oso mugatuak dira eta egunero behar dugu Jainkoaren laguntza, ogia. Eta eskua luzatzera deitzen gaitu Jesusek, gure Aitagandik datorren bizitzeko behar dugun ogia elkarri eskaintzeko. Gaur ogi-gosez gaude: jatekorik gabekoak, eskubide eta duintasun falta jasaten dutenak. Bizitzeko ogi hori egia bilakatzeko kemena eskatzen dugu. Itxaropen berriaren egile izan nahi dugula hots egiten dugu eskari honetan.

Barkatu gure zorrak, guk ere gure zordunei barkatzen diegun ezkero. Batek uler dezake barkamenaren neurria guk jartzen diogula Jainkoari: guk barkatzen dugulako, zuk ere barkatu. Ez da horrela. Lehendabizi Jainkoak barkatzen digu. Hori gogoan izan nahi dugu beti. Eta Aitak bezala, guk ere barkatu gure zordunei. Guk ere sufrimendu askoren sendagaia jartzea, gorrotoaren korapiloa askatuz. Orduan izango gara Jainkoaren barkamenaren lekuko. Hori da "zeruko itxaropenaren" seinalea lur honetan.

Ez gu tentaldira eraman, baizik atera gai-tzazu gaitzetik. Gure baitan eta gure inguruan indar handiz tira egiten dute gure onetik ateratzen gaituzten gaitzek: bestearen gainetik egon nahia, bestea dominatu nahia, bestearen sufrimenduaren gainean gure zoriona eraikitzea axola ez izatea, bestea nire asmoen arabera manipulatzea, bestea gutxiestea. Eta hori guztia Jainkoaren izenean egitea. Tentaldi horiek bizi-biziak dira, egiazkoak. Beti izan dira. Eta gaur ere bai. Jainko Aitari eskatzen diogu bere Espirituaren giharra gaitzak harrapa ez gaitzan. Jainkoak eusten gaituela konfiantza izatea, ezinean itxaropenez bizitzea esan nahi du.

Amaieran, "Amen" esaten dugu, hots, hala bedi, hala da. Konfiantzazko "Amen" bat, Jainkoaren nahia delako, gure zoriona besterik nahi ez duen Aitaren onginahia.

Otoitz ederra, zinez. Astiro, poliki-poliki, barneratuz esan beharrekoa. Gutako bakoi-tzari bere bizitzan egiten dion oihartzunaz jabetzeko. Jesusen Arnasa hartzeko. Bizitzaren erraietaraino garamatzan otoitza dugu. Gure gogoa sendotzeko otoitza. Jainkoaren erreinua lurrean altxatzera deitzen gaituen otoitza, begiak zerurantz eta oinak lurrean. Horregatik, Gure Aita otoitz egitean, gonbitea egin dezakegu: "Salbatzaileak erakutsi bezala, itxaropenez esan dezagun".

* Agustindar moja kontenplalaria
PROMOCIONES  
LA TOALLA DE LAS FEDERACIONES VASCAS
Consiguela ahora en nuestra oficina comercial de Indautxu.
LA TIENDA DE DEIA
Si en su día no lo pudiste conseguir ahora te damos la oportunidad.
LIGA DEIA F-7
Abierto el plazo de inscripción para la próxima temporada 08/09. Toda al información.
SUSCRIPCIÓN A DEIA PAPEL
Subscríbase a DEIA para recibir nuestro periódico todos los días en su casa
Más promociones...
Acerca de Deia Suscríbase al periódico DEIA Promociones Publicidad Contacto Mapa web Añadir a favoritos
© Editorial Iparraguirre  |  Aviso Legal  |  Privacidad
Enlaces recomendados: Peluquerías | Pintores | Muebles de cocina | Casa rural | Apartahoteles | Informática | Pisos e imbobiliarias | Tiendas de deportes | Hogar y reformas | Electrodomésticos | Concesionarios | Traducción | Farmacias | Floristerías | Agencias de viaje | Psicólogos | Hoteles en Navarra | Piscinas | Seguros | Abogados | Trabajo | Hoteles en Madrid | Hoteles en Barcelona |