|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Nekearen nekez
|
|
Xabi Larrañaga
|
|
 |
ASPALDI eta maiz dut berton azaldua, eta ez azti, ez igarle, ez profeta eta jakina, azkarrena ere ez naiz. Begiak irekita edozeinek suma eta aurreikus zezakeen emaitza, belarriak adi eta burmuinak esna nornahik hausnar eta ondoriozta zezakeen hemen behin eta berriz ageri den mezua: jendea gureaz zeharo akiturik dagoela, herria nekatuta dagoela herriaz, nazionalistak aspertuta daudela nazionalismoaz eta honenbestez errepikatzeagatik agian irakurlea nitaz. Horrek ez du esan nahi herria herri ez denik, edo nazionalistak nazionalista ez direnik, herri eta nazionalisten lehentasunak aldatu direla baizik. Nortasun etniko eta atxikimendu ideologikoen inguruan hamaika urtez bueltaka eta tiroka ibili ondoren, herritar eta nazionalista frankok aski dela esan dute.
Uneoroko tertulietan bereizten gaituzten oihal, aberri, mapa eta egitasmo patriotikoak garrantzitsuak diren arren, eguneroko bizitzan elkartzen gaituzten hipoteka, Osasun Sistema, trafiko arazo eta errealitate administratiboak garrantzi-tsuagoak direla adierazi dute bozemaile ugarik. Hizkuntza maite izan ahal da, eta lehen sentimendu horri begira bozka zezakeen zenbaitek, baina orain askoz gehiagok bozkatu du Hizkuntza Eskakizunaz kezkaturik. Botoa arduratuta eta haserre aukeratzen baita, ez gustatuta edo maiteminez. Hemengo hiri nagusia Bilbo dugu - barka atrebentzia -. Iñaki Azkuna da Euskal Herriko alkaterik bozkatuena eta, izaerak izaera, jeltzaleak ez diren milaka eta milaka lagunek hautatu eta hautatu dute. Azken udal hauteskundeetan gora egin dute hark eta Odon Elorzak, eta horrek zer pentsa eman beharko lieke gurean ditugun bi nazionalismoei. "Más aceras, menos banderas", esan ohi du Durangoko medikuak. Eta demagogia gorabehera, abertzaletasun gaixoak oraindik ere erretzen jarraitu, entzungor. |
|