Donostia. Mireia Gabilondok eta Lurdes Bañuelosek idatzitako Emakumean izarapean antzezlanak VIII. Donostia Antzerki Saria irabazi du. Euskaraz ekoiztu den lan horri esker, 10.000 euro eta Iñaki Olazabal artista andoaindarraren eskultura bat eskuratuko ditu Tanttaka taldeak. Ikuskizuna, gainera, hilaren 27an taularatuko dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Nazioarteko Antzerkiaren Egunean.
Ramon Etxezarreta Kultura ordezkariak eta Ainhoa Beola Euskara zinegotziak gogoratu zutenez, sariaren helburua Donostian euskarazko antzerkia bultzatzea da. Horiek horrela, 2007. urtean helduentzako zazpi antzezlan programatu ziren, Kanpingags, Tartean, Tanttaka, Fran Lasuen, Chimeres-Pok eta Pikor konpainienak. Epaimahaian Dorleta Urretabizkaia, Itziar Bilbao, Esther Uria, Agus Perez eta Norka Chiapuso aritu ziren. Zazpi lanak ikasi ondoren, Emakumeak izarapean onena zela erabaki zuten, "emakumeen sexualitatea sentiberatasun handiz jorra-tzen duelako" lana baita. "Gustu handiz eta errazkerian erori gabe eratutako lana da, eszena dramatikoak, erotikoak nahiz komikoak tartekatuz", adierazi dute. Aktoreen lana eta eszenografia ere goraipatu ditu epaimahaiak.
Tanttaka Donostia Antzerki saria irabaztea zer den badaki, 2001ean eta 2004an eskuratu bai-tzuen Ozeanoko pianista eta 1937 lanekin. Halere, Emakumeak izarapean idatzi eta zuzendu duen Gabilondok saria biziki eskertu zuen. "Jaso dezakegun sari onenetarikoa da, artelana, dirua eta berriz taularatzeko aukera irabazten dugulako". Ildo horretan, 8.000 euro orain hartuko du konpainiak eta gainontzeko 2.000 euroak jasotzeko, 2010. urtea bukatu aurretik euskarazko antzezlan berria eskaini beharko du Donostian. |