|
|
|
Elkartasuna eta musika bermeoko san frantzisko elizan gaur
|
|
Kontzertua eskainiko du Boliviako San Ignacio de Moxos koruak 20:00etan.
|
bermeo. Europa osoan egiten ari diren biraren barruan, Boliviako Beni lurraldetik etorritako San Ignacio de Moxos koru eta orkestrak Bermeon egingo du geldiunea gaurkoan. Musika ekitaldia eta elkartasuna uztartzen dituen ekimenean, San Frantzisko elizan izango da kontzertua hogei musikari gazte boliviarren eskutik, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Frantzia, Alemania, Belgika, Holanda, Suedia eta Danimarkako hainbat udalerri bisitatu ostean, Euskal Herrian izan dira azken egunotan San Ignacio de Moxos orkestrako partaideak. Hain zuzen ere Bilbon, Lasarten, Donostian eta Irunen izan dira azken kontzertuak eskaintzen, bere CD berriaren aurkezpena eginez. Hala ere, Bermeon gaurko jarri duten hitzordua berezia izango da oso, Boliviako Beni lurraldeak udalerriarekin duen lotura estuagatik. Izan ere, bertan ibiliak dira hiru bermeotar frantziskotar -Juan Barturen, Josu Arteta eta Anasagasti monsinorea- eta Udalak urtero bideratzen du dirulaguntza berezia, hainbat proiektu desberdinetan -lurren jabetzak lortzeko, musika-eskolaren eraikuntza ahalbidetzeko edota gune turistiko desberdinak aurrera ateratzeko, besteak beste- parte hartuz Gipuzkoako Taupadak izeneko GKEren bitartez.
Bada, jatorrizko instrumentu anitzez eta aurreko mendeetatik errekuperatutako musika barrokoaren osagarri desberdinez jositako orkestra eta korua gaur izango da Bermeoko San Frantzisko elizan, Raquel Maldonado gaztea zuzendari dutela, beraien herrialdearen soinuz konposatutako Tras las huellas de la Loma Santa izenburupeko CDa jendaurrean aurkezteko. >i. fradua |
|