Urtero legez, Pazko egunean Sarara hurbildu zen Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidentea Iparraldeko euskarari "laguntzera". Aurten, gainera, erakundeak 'Euskaltzainak' bilduma berriaren bi liburu aurkeztu ditu lehenengo aldiz sara.Nola gogoratzen dituzu Biltzarraren lehen urteak?
Gela batera joaten ginen, gela txiki batera, han oso jende gutxi egoten zen, baina gu etortzen ginen batez era euskararen sustatze lana eta euskarazko idazleei gure atxikimendua eta laguntza erakutsi nahian.
Konparaziorik egin daiteke?
Biltzarra finkatu egin da. Bere gorputza eta tamaina hartu du. Beharbada, urte batzuen buru beharrezkoa izango da jauzi bat egitea. Baina oraingoz azokak duen helburua ondo betetzen dute. Tankera desberdineko azoka da, beste giro batekoa, beste itxura batekoa, eta hurbiltasuna dago ekoizle eta irakurlearen artean. Eta hurbiltasun hori dut maite. Ez nuke nahi galtzea, eta hori izango litzateke aholkurik nabarmenena, hori ez galtzea. Bestea badakigu: merkataritza zirkuitoak dira eta liburuak saldu egin behar dira. Ekoizlea ezagutzeko parada garrantzitsua da, batez ere Iparraldean, euskararen kulturarentzako azpiegitura finkatzen eta garatzen ari baita.
Aurten nobedadeak badaude...
Euskaltzainak bilduma berriaren bi ale aurkezteko parada izan du Euskaltzaindiak: Pierre Landhen Yolanda eta euskarazko idazlanak etaPierre Charrittonen Pierre Broussain: Sa contribution aux etudes basques. Agortua zegoen eta komeni zen berriro esku artean jar-tzea.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Gaur daukan itxuraren arabera, badauka etorkizuna. Jauzi kualitatiboa izatea normala izango litzateke baina jauzia kuantitatiboa ere beharko litzateke. Aurten beste ekimen batzuk sartu dira eta horiek garrantzitsuak dira, beti girotu egiten dutelako horrelako hitzordu bat. Agian, jauzi horrek esan nahiko luke euskal kultura ere aurrera doala eta hori pozgarria izango litzateke. Eta beraiek erabaki beharko dute hori horrela izango den. >c. tapia