 |
|
|
 |
Jende andana bildu zen atzo Sarako XXV. Euskal Idazleen Biltzarrean. |
|
|
|
SARAKO 25. EUSKAL IDAZLEEN BILTZARRA
|
|
Idazleak eta irakurleak bat eginik
|
|
Ehundaka lagun, idazle, liburu dendako arduradun eta argitaletxe bildu ziren urtero bezala Saran Pazko egunean. Iparraldeko euskal literaturaren festak 25 urte bete zituen atzo inoiz baino osasuntsuago.
|
 |
|
testua Cristina Tapia . argazkiak Gorka Estrada
|
 |
Urtero legez, Sara euskal letren topagunea bihurtu zen atzo Pazko egunean. XXV. Euskal Idazleen Biltzarra osasuntsu dabilela erakutsi zuten Iparraldera bertaratu ziren ehundaka lagunek. 1.500 bat pertsona elkartu ziren herriko kiroldegian, giroa ezin hobea izan zela. Aurtengo sariak Xipri Arbelbide eta Txomin Peillen idazleei eman zizkioten eta Eusko Ikaskuntzako diru laguntzak eta bekak ere banatu zizkieten ikerketa lanetan ari diren hamar gazteri. Besteak beste, gainera, Piarres Xarriton, Jon Casenave, Henri Duhauren eta Anuntxi Aranaren azken liburuak aurkeztu zituzten.
Daniel Landart antolatzailearen hitzetan, "formula ona da" Pazko egunean Biltzarra egitea. "25 urte hauetan bi gauza frogatu ditugu: Beranduago antolatzea eta larunbatean zein igandean egitea, eta emai-tzak ez ziren onak izan. Beraz, badirudi jendeari gustatzen zaiola Pazko egunean egitea eta horri eutsiko diogu", adierazi zuen.
Iaz 1.200 pertsona bildu baziren ere, atzokoan agerikoa zen jende gehiago zegoela. "Iparraldea hamar aldiz txikiagoa izanda ere, biziki garran-tzitsua da egun batean hainbeste jende biltzea", esan zuen.
Aurtengo nobedadeak aurkezpenak izan ziren. "Durangon egiten duten bezala, orain idazleek Sararako zerbait aurkeztu nahi dute, eta hori garrantzitsua da. Horretaz gain, aurten Sarako hiru eskoletako haurrek parte hartu dute eta ipuin ba-tzuk idatzi dituzte. Itxuraz ttipiak diren horrelako gauzek badute berebiziko garrantzia", adierazi zuen antolatzaileak.
ezaugarri nagusia Hurbiltasuna
Idazleek eta irakurleek garrantzi handia eman ohi izan diote beti Sarako Biltzarrean dagoen hurbiltasunari. "Izan ere, hasieran hori zen bakarrik: idazleen biltzarra. Orain argitaletxeak badaude baina egia da Biltzarra idazleekin hitz egiteko parada dela", esan zuen Landartek.
Ildo horretan, Peio Etxeberri-Ain-tziart Elkar argitaletxeko arduradunak esandakoaren arabera, "jendeak liburuak erosten ditu hemen, baina ez Durangon bezala". Bere ustez, Durango "merkatu handia bihurtu da" eta Azokaren interes kulturala nabaria bada ere, "Saran familia txiki baten itxura dugu".
Horiek horrela, "euskara bizirik den hizkuntza dela erakustea da inportanteena". "Egia esan, Biltzarra momenturik handiena da Iparraldeko euskal kulturarentzat. Eta luzez segituko du feriak. Argitaletxeak badaude eta beti egonen dira erosleak, eskasak badira ere. Euskararetzat estatutu ofiziala ez badugu lortzen, nahi dituzun feriak antolatu ahalko dituzu baina euskara ez da normalizatuko", azpimarratu zuen Etxeberri-Aintziartek. |
|