|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Bejino atepean
|
|
Josu Torre
|
|
 |
Euskara indartzeko edo heda-tzeko balio duen ez dakit baina EiTBk ematen dituen kirol saioak hiztegi berezi bat ikasteko aukera eman digute behintzat. Haratago, euskaradun ez diren kirolzalei arruntak eta bereziak ikasteko era. Lagun balentziar futbolzale batek esaten duen bezela: "A ver si le quitan a Ustaritz y le ponen a Aldaketa". Oraintsu bete den euskal katearen 25. urteurrenean azaldu zutenez etzen batere erraza izan lehen partiduak (partidak?) emititzerakoan of side, penalti, falta, portero, arbitro, porteria, defensa, delantero, lateral eta abar nola esan asmatzea.
Urteak aurrera, jokoz kanpo, atezaina, atzelaria, aurrelaria, erdilaria besteak beste edozeinek ahoz aho darabiltza baina bizi bizi eman beharrak edo ingurukoaren eraginez "atepean" edo "zelaia jendez bete" erabiltzen dira "bajo los palos" edo "estadio repleto" esateko. Euskaldun petoak entzuterakoan irudikatzen du porteroa lurbarruan, ate azpian, edo 22 jokalariak eta epaileak 30 mila pertsonen tartean mugitu ezinean zelai berdean. Hain zaila ote da atea edo harmailak esatea?
Pilotak ere bazuen bere lexikoa telebista edo irratia izan aurretik baina garbizaleek hura ahantzi eta berria arrotz eginarazi digutela dirudi. Umetatik frontoian izan naiz eta ez dut behin ere kintzerik zenbatu, tantoak baizik, ez partida osatu, partiduak bai, pilotak boteak eman ditu ez punparik ez jagirik, ostera kortadak, dejadak, gantxoak eta beste egiten genituen. Hainbesteko zorroztasuna hortan eta gero GI silaba euskal abizen baten gaztelerazko JI ahozkatzen dute, Be(J)ino alegia, Aritz Begino atzelaria aitatzen duten bakoitzean. Arrazoia galdetu diet bizpahiru esatariri eta hona erantzuna: "Mutilak hala dela esan digu". Hara, euskaltzain berria! |
|