|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Garrasika
|
|
Juanjo Olasagarre
|
|
 |
Aurreko egunean sauna hartu ondoren (Oi zein ederra den Ongizate Gizartea!) sauna bati dagozkion etekin guztiak atera-tzeko asmotan hamakan etzan nin-tzenean urduri baino urduriago bukatu nuen (Oi zein hauskorra Ongizate Gizarte hori bera!) ondoan bi saunalari garrasi bizian ari baitziren elkarri ez dakit zein gora-behera esaka. Orduan Hego Afrikako beltzen kontu batekin akordatu nintzen.
Beltzek, Apartheid garaian behintzat, garrasika hitz egiten omen zuten ezer ezkutatzekorik ez zeukatela aditzera emateko, eta zentzu horretan mesfidagarria iruditzen omen zitzaien zurien baxu hitz egiteko joera. Ez duk gure kasua- pentsatu nuen ondokoen garrasi euskaldunak garunean
Aitortu behar dut, irakaslea izanik, neroni naizela lehenengoa edozein toki klase(ahotsaren indarrari dagokionez bakarrik espero dut) bilakatzen baina javiermariastar paratuz zibismoaren kontrako sabotaia da oihuka aritzea.
Zergatik egiten dugu garrasi? Behin baino gehiagotan bururatu zait gure aurreko nekazaritza kulturaren hondarra dela, arbaso laborariak buila eta deiadar ari baitira nire imaginarioan sorotik sorora? Hala bada garrasi artean gogoratu beharko nuke haurtzaroa. Berdin egiten dute garrasi, orduan, Ohian Beltzeko herrietako biztanleek?
Beste batzuetan pentsatu dut gizonkeriarekin zer ikusteko daukan ezaugarri bat dela. Gora-gora aritzen direnak oilarra kukurrukuka bezala aritzen direla. Baina, orduan, emakumeak isilago beharko lukete. Halaxe dira?
Kontua da garrasika aritzen garela, oihuka, alarauan, heiagora. Egiatia izatearekin zer ikusteko ote dauka Hego Afrikan bezala? Beltzak izan nahi ote dugu? Beltzak Ongizate Gizartean? |
|