|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Banderatxoak
|
|
Rikardo Arregi
|
|
 |
Bitxia iruditu zait Bilboko udalean banderatxoen inguruan egon den auzi hori guztia; are bitxiagoa, eta azeriagoa, Bilboko alkatearen erabakia. Salomon erregearen eskolan nota onak aterako zituen Azkuna jaunak, antza, zeren udaletxearen puntan ikurrina eta Espainiako bandera bi aldeetan eta batera jasotzearenak, eta aurreko plazan Bilboko bandera erraldoia, adierazten baitigu gizon honen abilezia. Ez naiz sartuko banderatxoei buruzko eztabaidan, munta gutxikoa da eta aldi berean munta handikoa, sinbolo guztiekin gertatzen den bezalaxe. Eta Gasteizen bizi naiz.
Horregatik iruditu zait bitxia Bilbokoa, Gasteizen bizi naizelako, eta hemen aspaldi-aspaldidanik ditugulako banderatxo guztiak leku guztietan paraturik: Diputazioan ikurrina, Arabakoa, Espainiakoa eta Europakoa; eta udaletxean ikurrina, Gasteizkoa, Espainiakoa eta Europakoa. Beti daude jarrita, jaiegunetan eta astegunetan, euri izan ala sargori. Ez dakit noiztik, ez naiz oroitzen. Uste dut Cuerda alkatearen garaietatik datorkigula koloreen erakusketa hori, baina ez dut gogoan banderatxo guztiak jarri zirenean Cuerda alkatea EAJkoa zen ala EAkoa, batetik bestera eta buelta ibili baitzen. (Hitz egingo dute, gero, azken hauteskundeetan egon den desideologizazioaz).
Zenbat buruhauste ematen duen banderatxoen gauzak! Alkate ba-tzuen zeregin bakarra banderatxoak igotzea omen da, Lizartzan bezala. Beste alkate batzuen lana banderatxoen labirintoan aterabideak bilatzea omen da. Jende askoren kezka nagusia da ikuskatzea zein banderatxo dagoen jasota eta zein ez, epaitegietan salaketak jarri edo manifestazioak antolatzeko. Eta horrela joaten zaigu bizitza, norberaren eta besteen udaletxeei begira konprobatzeko nor duen potoloago piperpotoa. |
|