|
|
|
Kareletik
|
|
Esker ona
|
|
Ana Urkiza
|
|
 |
goiz hartan jende askorekin egon beharra izan nuen. Lan kontuek biltzen gintuzten. Gehiengoak, beren asebetetasun eza erakusterakoan, errekonozimendu falta aipatu zidan. Hurbiltasuna eska-tzen zuten; noizbehinka, eurekin egon eta esateko daukatena entzutea; zerbait berezi egindakoan, konturatu zarela erakustea; eta, batez ere, ondo egindakoan, ondo egin duela errekonozitzea. Hau da, begiak eta bihotza izatea.
Goiz parte hartan, pixka bat beranduago, errekonozimenduaren inguruan hausnartzen hasi ginen lankide pare bat eta ni. Eta batek, ez zela justua esan zidan: zeren eta besteak nola errekonozitu behar ziren pentsatzen dutenak guk izan behar baldin bagenuen, guretzako errekonozimendurik ez zela helduko (hau da, guregan pentsatuko zuenik ez zela izango).
Zilbor hesteari gehiegi begiratzen ziola iruditu zitzaidan nire lankide honek baina, tira! Ez dela kanpotik etorriko zaigunaren zain egon behar erantzun nion, norberak ere, errekonozimendu horren printzak sumatzen jakin behar duela. Sinisten baitut, bai lanean eta baita bizi-tza pertsonalean ere, ematen dugunaren neurrian jasotzea egokitzen zaigula.
Atera nintzen, bada, lanetik eta euria ari zuen. Euri langarra. Eta oinezkoan, semaforo batean gelditu nintzenean, jada, asteburuaz pentsatzen, neska gazte bat jarri zitzaidan aldamenean, txakurtxo bat txaketa barruan ezin babestuta zerabilela. Nire aterkia txikia zen, poltsan eramaten diren horietakoa. Baina birritan pentsatu gabe, buru gainera eskaini nion. Esker ona erakutsi zidan, txakurra bustitzeko eta hozteko beldurrez zegoela-eta. Eta elkar agurtu genuenean, plazer bat izan zela ni bezalako pertsona bat ezagutzea esanda joan zen.
Harrapatu egin ninduen esker onak. Ez nuen espero. Eta, beharbada, horregatik, goizean zehar egindako lan guztiarengatik errekonozitua sentitu nintzen. |
|