|
|
|
Pantxo Bedialaunetak asmatutako pintxoak izango dira Berriatuan
|
|
maiatzaren 3an ospatuko den nekazal eta arrain kontserba azokan 1.500 arrazio banatuko dira.
|
 |
|
I.fradua
|
 |
berriatua. Lea Artibaiko Amankomunazgoak San Gregorio jaien inguruan antolatzen duen nekazal eta arrain kontserba azokak Pantxo Bedialauneta izango du aurten berritasun handiena. Datorren maiatzaren 3an egingo den azokan sukaldari ondarrutarrak asmatutako pintxoak banatuko dira, ohikoez gain, guztira 1.500 arrazio inguru prestatuz.
Hori gutxi balitz apirilaren 28an pintxo hauek zelan prestatzen diren azalduko du. Izan ere bere pintxo batekin 'Urrezko Arzak' saria irabazi zuen sukaldariak urte honetan. Hiru orduko ikastaroa izango da, Goxalde Elkartean egingo dena arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara, eta dagoeneko beteta dago ikasleen zerrenda, izan ere 15 lagunetara mugatu zen ekimena.
Maiatzaren 3an, berriz, hamargarren nekazal eta arrain kontserben azoka egingo da, goizeko 10:00etatik aurrera eta goiz osoan. Bertan guztira 42 saltoki jarriko dira eskualdeko ekoizleentzako eta hauek ez dituzten produktuak saltzera etorriko diren kanpoko produktoreentzako. Lea-Artibaiko Amankomunazgoko presidentea den Jesus Mari Sarasuaren esanetan "eskari gehiago egon dira, baina leku gehiagorik ez".
Arrain kontserbak, Idiazabal izendapeneko gazta, ogia, euskal pastela, txokolatea, ahate produktuak, kontserba begetalak, eta nola ez arrain kontserbak ere Berriatuan egongo dira. Goizean zehar gehienek euren erosketak egingo dituzte, eta eguerdi partean arrain kontserbekin egindako pintxoak dastatzeko aukera egongo da, eskualdeko sagardoarekin batera.
Lau pintxo mota izango dira eskuragai, bat antxoarekin prestatuta eta beste hirurak atunarekin, eta euro batekin bi jan daitezke. Sagardoa berriz, hiru euro ordainduz edalontzi bat erosi eta nahi beste edan ahal izango da. Lea Artibai Amankomunazgoak eta Berriatuko Udalak inguruko guztiei gonbidapena luzatu die udaletxe aurreko plazara joan "eta egun eder bat pasatzeko". |
|