|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Baracoa
|
|
Josu Torre
|
|
 |
cUBA irlaren ekialdeko muturrean, entzunagoa den Guantanamo herrialdean lekutzen da, bere garaian (XVI. mendean), irlako hiriburu eta apezpikutza izan zen Baracoa hiria. Mendiz inguraturik, bizpahiru errekak gurutzaturik, landaretza izugarria eragiten duen mikrogiro berezi batean bizi dira itxasoaren ikutudun (hori esan nahi du izenak) baracoarrak. Haranaren erdian Yunque de Baracoa, ia 600 metroko mendia, ingude baten eitea duena. Kokatzeko.
Mercedes Alfonso La Habanan jaiotako kontukontalaria da. Joan den asteburuan lehen ipuina Baracoan ilargi betea zegoen gau batetan kokatu zuen. Hasi orduko ia lotsatan utzi gintuen, "badakizue hemen ere gaur berton ilbetea dagoela? Ikusiko zenduen ezta?, nere ipuiñetan eta bizi-tzan ilargiak indar handia du, zuenean ez?" Jarraian bizpahiru kontatzeari ekin zion, begirada bizkorraz entzule gutxi batzuori eraginez dan-tzarazi arte. Ez dakit Cubako heziketa bide edo zergaitik baina besteetan bezela Mercedesen ipuinetan ez dago erregerik ez printzerik, santera amorante bat, ostera, bai. Igelak ez dute neska gaixoa printzesa bihurtzen, eskorpioiak daude, haginka egiten diote neska mutilei orpoetan eta hauek saltoka dantzan egin behar. Hortik omen dator cubatarren dan-tzarako dohaina.
Atsegiña benetan Cubatarra, bere aurretik izan zen Alicia bezela, baina holako irakurketarekin geratu nintzan: Etxean ilbeterik ez dugula ikusten. Badira kontalari gutxi ba-tzuk Euskal Herrian zehar baina kontu, ipuin, gezur txiki, auto-mautu, hizkirimiri, istorio, elezahar edo alegiak asko eta askoz gehiago. Bertsolariez landa, oso foro gutxitan zabaltzen dugu gure oralitate aberatsa. Hitz aspertu luzeak egiten nituen aspaldi, besteak beste, Batxi, Antton Gerra, Martin, Tomas edo Txominekin. Kontatuko dizkizuet hauenak halako batean. |
|