|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Miguel Sanzen 400 euroak
|
|
Rikardo Arregi
|
|
 |
Miguel Sanz entzun nuen esaten ari zela laurehun euro ez dela ezer, apenas afari bat ordaindu ahal dela diru horrekin, laurehun euro horiekin ez dela krisia bideratuko eta abar. Hau idatzi baino lehenago bilatu ditut Nafarroako presidentearen hitzak hemeroteketan ametsak (amesgaiztoak) eta errealitatea(k) nahasteko ditudan nire joera ohikoan ez erortzeko. Bai, hori guztia esan zuen.
Non afaltzen du Miguel Sanzek? Beste batzuekin afaltzen duenean berak hartzen al du kontua beti guztiena ordaintzeko? Nondik datorkio Miguel Sanzi diruaz duen pertzepzioa? Oso urrun gaude Miguel Sanz eta biok diru kontuetan. Kutrea irudituko zaizu, Erresuma Zaharreko presidente agurgarri hori, baina niretzat laurehun euro asko da, niri laurehun euro horiek ematen dizkidazu orain eta ez dut munduko krisi ekonomikoa konponduko, ados, baina nire poltsikoa poz-pozik jarriko litzateke, benetan. Eta, Sanz jauna, ez naiz kasu bakarra. Hemen jende askok eskertuko lizuke bihotzez dirutxo hori. Hemendik gutxi barru Miguel Sanzen eta zenbait politikoren adierazpenak entzungo ditugu betiko topiko honekin: politika eta jende xehea, politikariak eta gizartea, hurbildu egin behar dituztela eta hori. Barrez lehertuko da jendea zure erresumatxo horretan.
Zapateroren laurehun horiek demagokikoak izango dira (ez dut nik ukatuko) baina foru lurralde sakratu hauetan ikusten ditugun politiko horiek, ez ikusiarena egiten, mespretxua baino ez dute merezi. Soldatapean bizi garenok horrelakoak gara, kutreak, laurehun horien aurrean foruak, diputazioak, subiranotasuna eta gauza goitiar horiek ahantzi eta abesti zahar hura errepikatzen dugu temati (gaur Comproski-n erosketak egin bitartean entzun dut): Consíguenos un poco de dinero más. |
|