|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Týche
|
|
Juanjo Olasagarre
|
|
 |
Aurreko egunean suhiltzaileekin Ecijan gertatutakoak erabat harritu ninduen. Ez suhiltzaileak ustez garaiz ailegatu ez izanak(udaletxeak lau minutuko tartea izan zela esan du) baizik eta haien kontrako jendearen erasoak. Salbatzera joandakoak jipoituak atera ziren.
Berriz diot harrigarria egin zitzaidan harik eta irakurtzen ari nintzen liburuan azalpen egokia aurkitu arte. Zygmunt Bauman, Tiempos Líquidos.
Zergatik eraso zituzten ecijarrek suhiltzaileak? Freudek omen zioen giza sufrimenduaren(edo sufritzeko beldurraren) arrazoiak ondokoak omen dira: Naturaren nagusitasuna, gure gorputzaren iraungitzea eta giza harremanak bai familian, bai gizartean bai Estatuan kudeatzeko metodoen ezintasuna.
Lehengo bi zioak zuzentzeko ezin burutua onarturik amore ematen omen dugu eta etsi. Ezin dugu konpontzeko ezer egin. Azkenekoarekin, ordea, ez; iruditzen omen zaigu ziurtasun erabatekoa lor daitekeela adimen eta ahalegin egokiarekin. Alegia ongi kudeaturik matematikaren zehaztasunez fun-tzionatuko dutela familia, gizartea eta Estatuaren baitan gertatu harremanak.
Horretan ikusten baldin badugu erabateko ziurtasun hori ez dela lortu, porrota ekintza asmo txarreko eta gaiztoen ondoriotzat jotzen omen dugu: Ecijako suhiltzaileen berandu ailegatzea, hain zuzen.
Grekoek Týche deitu zioten gure eskuetatik kanpo zeuden kausa guztiei. Nahiz eta guk sinetsi bizi garen Ongizate Gizarteak beldurra eragiten diguten kausa guztiak hesi eta deuseztatuko dituela sinetsi ez da egia, tyche izan badelako. Hauskorrak gara, ezdeusak, ahulak, asko. Suhiltzaileak garaiz ailegatu ziren baina bost pertsona horiek hilik zeuden ordurako. Hilik denok hilko garen moduan. Erabateko ziurtasuna ez da posible. |
|