donostia. "Baietz esateko ikastaroak beharko nituzke nik", azpimarratu zuen Iñaki Segurolak (Azpeitia, 1962) atzo Donostian. Ezezkoak erraz ematen omen ditu erantzun gisa baina ez atzo aurkeztu zuen liburua idazteko enkargatu ziotenean. Euskadi Irratian egindako 44 kolaborazio biltzen ditu Nere gorringoak eta bertan inongo konplexurik gabe bere ikuspuntua agertu du filologoak, itzultzaileak, zuzentzaileak eta hiztegigileak.
Segurolaren bigarren liburua da eta esandakoaren arabera "zalan- tzak" izan zituen argitaratzeko orduan, baina azkenean ausartu egin zen. "Aurrekoarekin badu an- tza hartaz eta honetaz hitz egiten duelako. Bestalde, ezberdintasun handi bat dauka: irratirako sortuak dira istorioak", azpimarratu zuen Alberdaniako editoreak, Inaxio Mujikak.
Liburuaren tituluan gorringoa aipatzen du Segurolak eta nolabait zuringoa ere bai: "Gorringoari egia esatea edo gutxienez gezurra sala- tzea gustatzen zaio. Zuringoa, berriz, ez da bizitzaz axolatzen eta han eta hemen aldatzen da", adierazi zuen Mujikak. Horrez gain, Arantxa Iturbek egin zituen aurkezle lanak. Kazetariak ondo ezagutzen du Segurola, bere irrati saioan parte hartzen baitu eta bertan esandakoak konposa-tzen baitute Nere gorringotik bildumak. "Lehendabiziko momentuan bere liburuari buruz hitz egiteko deitu genion eta komunikazio medio sobredosi bat omen zeukala esanez ezetz erantzun zigun", esan zuen Iturbek.
Beranduago deitzekotan gelditu ginen baina beldur ginen, inori ez zaio gustatzen erantzun negatiboak jasotzea", azaldu zuen. Berriro saiatu ondoren "garbi" ikusi zuten: Segurola programaren kolaboratzailea izan behar zuen "zer esana eta nola esana baduelako", azpimarratu zuen kazetariak. "Bere egiaren bitartez ez da ibiltzen azalkerian, ezta zurikerian ere. Nire ustez, Segurola krudela, lotsatia, maisua, herritarra, radikala, rebeldea, sentibera, temosoa, zehatza, zorrotza eta zirikatzailea da. Baina batez ere esaten dituen gauzak argumentua eta zentzu handia daukate", erantsi zuen. |