|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Kalakaz mintzo
|
|
Xabi Larrañaga
|
|
 |
zorionekoak gu! Kalaka saioari esker jakin dute batzuek badirela euskaldun konstituzionalistak, gaztelaniaren alde ari diren euskaltzaleak eta beren espainoltasuna euskaraz aldarrikatzen duten herritarrak. Gisa horretako lagunak izateak poztu ahal gaitu edo tristatu, eta erresumindu batek pentsa dezake aberastu beharrean pobretu egiten gaituela. Baina onartuko dugu horrelakoak telebistara gonbidatu eta ezagutaraztea pozgarri eta aberasgarri zaiola betiko mitinaren ordez benetako errealitatea aztertu nahi duen ikusleari. Horien agerpenak informazioa osatzen laguntzen digu.
Euskaldunok era askotakoak gara, baina Kalaka sortu aurretik bazirudien iritzi emateko orduan hiru multzotan sailkatuta, berezita geundela: multzo batean, ideologia politiko edota egitasmo kultural bateko militanteak; beste batean haren aurka egiteko euskara bazter utzi eta gaztelania erabiltzen zutenak; eta beste batean, egoera horretaz nazkatuta, isiltzen zirenak. Lehenengoak normal-normalak ziren, bigarrenak nolabaiteko desertoreak eta hirugarrenak mutuak. Sinplekeria da, jakina, baina kontua ez zen askoz zailagoa. Horrenbestez, erdaldunak euskarazko ahots bakarra aditzen eta ez ulertzen ohitu dira, eta ez diote gure aniztasunari erreparatu.
Bide honetan jarraituz gero egia mingarria azalduko da luze gabe. Euskaraz jakin bai baina hari gorroto izan edo erdara nahiago duten euskaldunak agertu beharko dira noizbait. Euskal gizartearen argazkia egiteko horixe falta baita. Hamaika euskaldunek ez du euskaraz mintzatzeko batere gogorik. Euskaldun guztiak abertzaleak ez direla ikusi ondoren euskaldun asko euskaltzaleak ere ez direla ikusiko dugu. Eta horrelakorik aurkitzeko ez da Baztango edo Mauleko lehengo politikari bitxi bezain xaharrengana jo behar. |
|