|
|
|
Jendetza batuko da bihar arrain kontserba eta nekazal azokan
|
|
Berriatuko plazan 1.500 pintxo izango dira, beste produktu askorekin batera.
|
berriatu. Ehunka lagun espero da bihar Lea-Artibaiko Amankomunazgoak San Gregorio jaien inguruan Berriatun antolatzen duen nekazal eta arrain kontserba azokan. Eskualdeko ekoizleek ekarritako hainbat produktu izango dira salgai 42 salmenta postutan, beste herri batzuetatik etorritako beste saltzaileekin batera.
Goizeko 10:00etan irekiko dituzte postuak eta eguerdi aldera jairako giroa piztuko da ohikoak diren arrain kontserbekin egindako pintxoekin. Iaz bezala 1.500 inguru prestatuko direla aurreikusi dute, baina berritasun moduan aurten euretariko batzuk Pantxo Bedialauneta ondarrutarrak asmatutako errezetekin eginak dira. Lau pintxo mota dira, bat antxoarekin prestatuta eta hiru atunarekin, eta euro batekin bi jan daitezke. Sagardoa berriz, hiru euro ordainduz edalontzi bat erosi eta nahi beste edan ahal izango da.
san gregorio jaiak Azokarekin batera herriko jaiak ere hasiko dira, Kaxero Gaupaseroren jaitsierarekin. Jaietako maskota 12:30ean plazaratuko da txarangaren musikarekin lagunduta. Goizeko feria amaitu ostean, 15:30ean afizionatu mailako txirrindulari lasterketa hasiko da. Egunari amaiera emateko, gaueko 23:00etatik aurrera berbena izango da Luhartz taldearen eskutik. >I.F. |
|