|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Baikal
|
|
Rikardo Arregi
|
|
 |
Irakurri berri dut Baikal lakua, Siberian, planeta osoa bezala, berotzen ari dela. Badakit planetaren berotzea ez dela gaur egun albiste, zientzilari guztiak ados daude horretan. Desberdintasunak hasten dira berotzearen zioez hitz egiten dutenean, baina ez naiz sartuko orain eztabaida horietan, nire ezjakintasuna ez erakusteagatik, batez ere.
Baikal lakuarenak, baina, hunkitzen nau, behin bainatu bainintzen ur hotz horietan. Abuztua zen eta turista zintzoaren papera betetzearren sartu nintzen hamabi gradu baino ez zuten uretara. Gero, gauzak orekatze aldera, vodkari emana pasa nuen arratsaldea, eta lakuan bertan bizi diren arrain keztatuak jaten, turista zintzoren paperari amaiera duina (esateko modu bat da) emateko. Baikal, oi, Baikal (ahoskatu ele hori katalanek bezala). Ibai asko hiltzen dira lakuan eta bat bakarrik lakutik atera: Angara ibaia. Kondairak dio lehen Angara ibaia lakuan hiltzen zela besteak bezala, baina Ienisei ibaiarekin maitemindu eta norabidea aldatu zuela maitalearekin elkartzeko. Altuagoa da orain Baikal lakuaren ur maila, sobietar garaietan presa bat egin baitzuten Angara ibaian Irkutsk hiriaren ondoan. Ez dakit nola ibiliko diren orain bi ibai horiek amodio kontuetan, Kondaira gehiago dago Baikal lakuaren inguruan baina beste zutabe baterako utziko dut, irakaspen moralak asmatu behar dizkiet kondaira horiei lehengo. Bitxikeria asko dago Baikal lakuaren inguruan: munduko sakonena da; lur arrakala handi batean dago, urtero handitzen doana; koipea baino ez diren arrainak bizi dira ur sakonenetan...
Abuztuan egon ondoren, neguan joateko gogoz geratu nintzen (azken buruan Siberia-Gasteizkoa naiz). Bidaia laster egin behar dut, bestela ez dut Baikal izozturik ikusiko. |
|