|
|
|
Oharkabeko jaieguna
|
 |
|
Xabier Unanue Ortega
|
 |
askok ez dute jakingo baina gaur, maiatzaren 9a, jaieguna da. Jaiegun ofiziala, izatez, Europa osoan 1985a geroztik: Europaren eguna.
Europar Batasuneko herri horiek guztientzat, baita euskaldunontzat ere, egun horrek garrantzizko ondorioak izan dituen prozesu baten hasiera markatzen du. 1950eko maiatzaren 9an Robert Schumanek, orduan Frantziako Kanpo Harremanetarako Ministro zenak, arratsaldeko 6etan Pariseko Quai d'Orsayko Erlojuaren Aretora deitu zituen kazetariak "garrantzi handieneko adierazpena" egiteko, Alemaniari eta beste herrialde europarrei zuzendutako proposamena egiteko alegia. Orduko adierazpen hura izan zen, hain zuzen, europar integrazio egitasmo osoaren abiapuntua.
Eta zer dugu ba, euskaldunok, ospatzeko? Behar ez beste ikusten ez dugun arren, onura asko ekarri dizkigu ordudanik Europak, eta gure bizimodua (eta ongizatea) hari sor dizkiogu hein handi batean. Hasteko, europar estatuen arteko gerra guztien amaiera ekarri zuen, eta ez da makala. Bigarrenik, Estatuen botere absolutua mugatzeko aukera bat ere, estaturik ez dugunontzat ere ahuntzaren gauerdiko eztula izan behar ez lukeena. Eta, alderdi materialetik ere, abantaila ugari: politika ekonomiko zorrotza, estatuko monopolio askoren amaiera; txanpon indartsua (mugaren alde bietan berdina), mugaz gaindiko elkarlanerako aukera ugari eta merkatu erraldoi baterako sarrera bermatua eta negoziorako aukerak. Dirulaguntza itzelak ere ez ditugu ahaztu behar.
Hala ere, seguruenik gehienentzat oharkabean igaroko den ospakizuna izango da. Ez dago egutegian gorriz markaturik eta, hortaz, lan egin beharko dute, inork gutxik zorionduko du beste inor, eta ez da oparirik ez bestelako ohiturarik emango. Akaso, asko jota, erakundeek manifestu ofizialen bat egingo dute, edo publizitate kanpaina baten bidez jaia jakinarazten saiatuko dira "Europa bere biztanleei urreratu eta Batasuneko herri ezberdinak anaitzeko".
Eurokratek atsegin dute esatea Europa pausorik pauso egiten dela. Eszeptikoek, aldiz, esaten dute Europak subiranotasun nazionala higatzen duela, itunik itun. Bi biek egia partea badute. Baina oraindik bide luzea dago. Hasteko, europar identitate eta sentimendua lortzea.
Horregatik uste dut Europak bere tradizioak behar dituela, eta Europako egun honek ere bereak behar ditu, Gabonetako Olentzaro, San Jordiko liburu eta lorea edo Aberri eguneko mitinak bezala.
Horregatik nik, bihar, honetan pentsatuta, txokolatezko euroak oparitzea erabaki dut.
Txokolatea Amerikatik ekarritako kakaoarekin egindako Europar asmakizun goxoa da, mundu guztira hedatu dena. Euroa, bere aldetik, egunero eskuartean dugun europar izatearen sinbolorik argiena da eta, ikuspuntu abertzale batetik, zorionez euskaldunok ez dugu jadanik espainiar pezeta edo franko frantses gehiagorik irabazi behar bizitzeko. Bestalde, interes materialak (dirua) Batasunaren sinbolo jartzeak Schuman Adierazpenean errotuta zegoen europar integrazio prozesuaren printzipio eragilea ere irudikatzen du, alegia, europar integrazioa gertatzeko lehenengo pausoa egitatezko solidaritatea eta interes komunitatea sortzea dela (kasu hartan, altzairua, ikatza eta ekonomia komunean jartzea), gero haren ostean hartan oinarritutako erakunde politikoa sortzeko. Eta azkenik, elkarri euroak oparitzea gizarte elkartasun eta solidaritatean oinarritutako europar gizarte modeloaren sinbolo ere izan daiteke. Europarron modeloan, gizarteak ezin du aurrera egin modu desorekatuan bada eta haren barnean txirotasun burtsak sortzen baditu, horregatik europarrok elkarri laguntzeko dirulaguntza sistema indartsua jarri dugu martxan, bai norbanakoen artean zein Estatuen artean, ahal den neurrian, aberastasunaren birbanaketa gauzatzeko. Filosofia hori gure atzerrirako harremanetan ere martxan jarri dugu, Kanpo Laguntzan aurreneko mailan jarriaz. Europarron ustez, nazioarteko bake, segurtasun eta egonkortasun egoera sortzeko, gerra baino, tresnarik onena herrialde azpigaratuen garapena bultzatzea izango da. Horregatik, europarron gizarte modeloaren ikur gailenetakoa da dirulaguntza (hau da, elkarri dirua ematea).
Ez da ekarpen itzela, baina dibertigarria eta erraza izan daiteke. Azken baten, Espainia barnean edo Espainiatik kanpora, Europak aukera berriak ekartzen dizkigu eta hori ospatzekoa da.
* EGIren Kanpo Harremanetarako batzordearen izenean |
|