|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Garaiz kanpo
|
|
Pili Kaltzada
|
|
 |
Garapen, Progreso izena hautatu zuen aitak harentzat, eta halaxe du grazia geroztik. Agure zaharra da jadanik, eta Sartagudatik hizketan ari zela, telebistaren bitartez ezagutu dut. 3.420 lagunen izenak erakusten dituen zazpi metroko horma ikusgarriak bildu ditu begiradak. Zerrenda aski luzea da, baina osatugabea. Hildako bakoitzari dagozkion seme-alabak, adiskideak, ezagunak, txikitako jolas-kideak, guztiak dira gerra burugabe horrek kaltetuak, eta baita haien guztien oinordekoak ere.
Aspaldi gertatu zen hori guztia Nafarroan, Durangon, Gernikan. Estatu osoan, Hamarkada luzetan, gertatu izan ez balitz bezala jokatu dugu, eta parkekoaren antza zukeen paretaren kontra tiroz hil zituzten gazte horiek berriro lurperatu ditugu, behin eta berriro esan nahi dut. Horretarako balio du memoriak: lurpeko hautsak askatasunean zabaldu daitezen. Lapurtutako duintasunak ez gaitzan betirako miserable bihurtu. Senideren bat galdu zutenak, irainduak izan zirenak, isiltasunera kondenatuak izan ziren guztiak omentzen ditu parkeak. Zornaturiko zaurietan ahanzturak piku egiten du, eta eramangaitza egiten da epe luze edo laburrera. Alkatearen hitzak esanguratsuak izan ziren oso: barkatu, esan zuen, omenaldia 72 urte igaro ostean egiteagatik. Euria ari zuen gogotik, eta hori bera aski esanguratsua dela zioten bertaratu zirenek, hildakoen malkoa baitzirudien aspaldiko partez lurra busti zuen euri fina. Eguzki betea egokitu izan balitz ere, zentzuren bat, patuaren jokaldi azpimarragarriren bat an-tzemango genion, baina euria tokatu zen, goitik behera. Oroimenaren parkea lehen aldiz zeharkatu duten milaka lagunen artean zebiltzan Progreso eta Libertad. Garaiz kanpoko izenak dira gureak, esan zuten. Garaiz kanpoko duintasunaz negar egiten zuten bitartean. |
|