|
|
|
Kareletik
|
|
Objektibotasuna
|
|
Ana Urkiza
|
|
 |
Kazetari batek iritzia eman al dezake? galdetzen zidan lagunak, kotxean, bazkari batera gindoazela. Bai eta ez, biak etorri zitzaizkidan burura. Fakultatean geundenean, kazetariaren eta kazetaritzaren objektibotasuna zen printzipio nagusia. Iturri ezberdinetara jo, kontrastea bilatu eta datuak, batzuk zein besteak ematea zela gure eginbeharra ikasi genuen.
Bidean, ostera, besterik ikusi dugu. Teknologia berriek, informazioaren ingurumaritik komunikazioaren testuingurura hurbildu gaituzte, batetik. Bestetik, informazio iturriaren kontzeptua zeharo aldatu da; albistea egituratzeko orduan "zu zeu kazetari" bezalako aukerek iturri aniztasuna dakarte. Eta informazioaren eta interpretazioaren arteko zubia ere guztiz hurbildu da.
Informazio gehiegi dugun aldi honetan, eduki nagusitik lastoa bananduko dituzten eskuak edo lumak eskertu egiten dira. Nahiz eta esku horiek kolore bateko edo bestekoak izan. Komunikabidea aukeratzen dugunean egiten dugu hartzaileok objektibotasunaren inguruko hautua. Ondotik, suposatutzat ematen da profesionaltasuna. Eta hortxe dago gakoa.
Kazetari batek eman dezake iritzia, noski. Baina medio zehatz batean emango du, eta genero baten izenean. Hartzaileak, bada, horixe da kontuan hartu behar duena: kazetari horren esparrua zein den, zein mediotan ari den eta zer genero lantzen duen. Beraz, gaur egun, objektibotasuna, medioak medio, hautatu genero periodistikoan erakutsi beharreko profesionaltasunean legoke eta hartzaile jakitunak horren araberako irakurketa egiteko daukan ahalmenean. Beraz, iturriari baino har-tzaileari gehiago eskatzen zaion garaian bizi garela esan liteke. Informazioa objektibotasunez jasotzea gustatzen al zaie hartzaileei? Egun, galderari buelta emanda bizi dugu kazetaritzaren objektibotasuna. Noren mesedetan? |
|