Urtebete darama Bilboko Udaleko Euskera Saileko buru. Sortu zenetik, hain zuzen ere. Ana de Castro zinegotziak lehen urte honen balantze "positiboa" egiten du, "pauso sendoak eman dira" euskeraren erabilpenean, batez ere ume eta gazteen artean sustatzerakoan Bilbo. Bilboko bazter guztietan euskera entzutea da Ana de Castro zinegotziaren ametsa. Jakin badaki gaur eguneko erronka erabilpena zabaltzea dela eta "kontsentsu" hitza behin eta berriro errepika-tzen du solasaldian. Bilbo elebidun hori "soilik posible izango da bakoitzak, komentzimendutik, euskera ikasten eta erabiltzen badu". Ez du euskera ez dakien jendea ahazten, "liluratu behar ditugu", sostengatzen du.
Urtea bete da Saila sortu zenetik. Zer balorazio egiten duzu?
Positiboa. Aurreko legegintzaldian, Kultura Sailaren barruan, zutabe sendoak jarri genituen. Oso pauso positiboak eman dira, batez ere merkatarien artean euskera normalizatzeko eta sustatzeko programa eta plana; Ikusi eta Ikasi programak 4 urte beteko ditu aurten, sendotu egin da eta fideltasuna lortu dugu, gero eta partaidetza handiagoa izan dugu... Aipatzekoa da ere gurasoen inplikazioa: nahiz eta gehienak erdaldunak izan, bere seme-alabak euskeraz ikastera eramaten dituzte.
Asko geratzen al da egiteke?
Ez ditugu bakarrik kontuan hartu behar euskaldunak eta sasi-euskaldunak, Bilbon biztanleriaren %42a; momentu honetan euskera ez dakitenak liluratu behar ditugu. Haiek ere ikusi behar dute euskera gure altxorra dela eta hori bakarrik kontsentsuarekin lortzen da. Biztanle guztiekin: euskal eta erdal komunitatearekin. Eman diren urrats guztiak, batez ere Bilboko Udaletik, beti izan dira kontsen-tsutik emandako pausuak.
Nola liluratu?
Hizkuntza bat baino gehiago ezagutzea onuragarria dela helaraziz.
Beharrezkoa al zen Saila sortzea?
Bai, herritarrei adierazteko hizkuntzak zelako inportantzia duen; guk ez badiogu garrantzia ematen ezin diegu beraiei eskatu.
Zein da zure ametsa lau urte hauetarako?
Bilboko bazter gehienetan euskera entzun ahal izatea.
Bilbo elebidunik posible al da?
Bai. Baina soilik bakoitzak hemen bi hizkuntza dagoela barneratzen duenean eta komentzimendutik euskera ikasten eta erabiltzen badu.
Euskera jakin badaki jendeak, baina erabilerak ez du gora egiten...
Orain dela 25 urte euskera ikastea zen erronka; gero, euskeraz ikastea, eta orain geratzen zaiguna euskeraz aritzea da. Eta gure indar guztiak jartzen ditugu hori lortzeko.
Martxan jarritako ekimenek ez dirudite emaitza onik lortu dutenik.
Politika berritzaileak jarri behar dira martxan eta herritarren kontsentsua eta nahia eduki behar dugu. Ezin gara joan herritar batengana "berba egin behar da" esanez. Militantismotik bakoitzaren beharretara pasatu behar gara; pertsonek ikusi behar dute bere bizitzarako euskeraz hitz egitea ona dela.
Zer deritzozu Eusko Jaurlaritzak euskeraren inguruan argitaratutako azken dekretuari buruz?
Ontzat jotzen dut. Ez du ezer inposatzen, euskeraz bizi nahi duten pertsonei aukera hori ematen die, besterik ez. Gainera, sektoreak on-tzat eman du, beraiekin adostu da. Zer kalte egin dezake hizkuntz paisaia ele bietan egotea? Hori aberasgarria da.
Kritikak ere jaso dituzu Sailaren aurrekontua gehiegizkoa omen delako.
Gure hizkuntz politika bilbotar guztiei zuzenduta dago. Aurten zortzi euro gastatuko ditugu euskera politiketan herritar bakoitzeko; hori asko al da? Ez dut uste.
Eta emaitzak ez direlako ikusten.
Egia da ez direla egun batetik bestera ikusten; hizkuntza baten normalizazioa ibilbide luzea da. Adibibe bat besterik ez: Bilbon matrikulatu berri diren umeen %80a B eta D ereduetan eskolatu dira. Horrek esan nahi du gurasoek garrantzia ematen diotela haien seme-alabek euskera jakiteari. Hizkuntza bat normalizatzeko guztion baietza eta prestutasuna behar dugu. Lege batek ez du bermatzen hizkuntza baten biziraupena; bere hiztunek egiten dute posible. Eta gero eta hiztun gehiago ditu euskerak. Gehiago izan behar direla? Noski.
Eta Udalean bertan, euskera erabiltzen al da?
Nahiko maila majua dago. Bilbotarren artean erabilera %26an dago; Udalean %35ean. Politikoek agerraldi publikoetan gero eta gehiago erabiltzen dute. Baina egia da ere ohitura daukagula lan egiteko orduan erderaz egiteko...
Kargu hartzen al diezu?
Bai, erabil dezaten animatzen ditut. Legegintzaldi honetan ia zinegotzi guztiek euskera dakitela aprobetxatu behar dugu.
Baina alkateak ez...
Zuek uste baino askoz gehiago daki!
"Euskaldunberri baten eredua naiz"
Denda, taberna edota Administrazio batean euskera hitz egitea nahi izan duen bakoitzean aukera izan duela ametitzen du Ana de Castro zinegotziak. "Egia esan, ez dut horrelako arazorik inoiz izan". Euskaldunberria, "txikitatik ikasi nuen euskera, Magisteritza eskolan Derion aukera izan nuen euskeraz aritzeko, gero barnetegi batera sartu eta EGA atera nuen", azaltzen du. "Beti egon naiz euskeraren munduan sartuta. Nire herriko hizkuntza biak jakin behar nituela sentitu nuen ". Gaur egun ere bere bizitzan euskera da erabiltzen ohi duen hizkuntza, "daukadan erantzukizunetan eta nire etxe barruan, nire familiarekin, baita ere. Hiru seme-alaba ditut eta hirurekin erabiltzen dut. Naturaltasunez hartzen dugu eta haiek ere, nahiz eta lagunekin agian erderaz egin, etxean euskera erabiltzen dugu". Esku artean dituen euskaraz idatzitako bi liburuak lan txostenak dira: Euskera XXI, "mende honetarako erronkak biltzen dituena" eta azken Liburu Azokan argitaratutako 'Bertan Bilbo', Zuberogoitia anaiek idatzita. "Bilbo eta euskera bide ezberdinetatik joan direla, nahiz eta Bilbo oso lotuta egon izan da euskerarekin", azaltzen du. "Udan aisirako zerbait bilatuko dut". >A.A.