|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Israel
|
|
Juanjo Olasagarre
|
|
 |
BETI iruditu zaizkit erakargarriak judutarrak, ez dakit, seguru aski gustuko ditudan zenbait idazle judutarrak edo zirelako, edo diot hainbatek jakin ere ez zekitelako halaxe zirela Hitler etorri eta denak akabatzen saitu zen arte. Proust bat, Benjamin, Walser, Primo Levi. Baina judutarrak edo hobe esanda, israeldarrak oso fama txarra dute Euskal Herrian; halaxe susmatzen nuen baina orain jakin dut, Isralera oporretara nentorrela eta batek baino gehiagok paratu didaten muturrean edo egin didaten arbuioan. Horiengana, zertara hoa horiengana, putakume batzuk dituk denak, eta horrelakoak.
Mundua ez da, eta hemen daramadan bi egunetan halaxe ematen du behintzat, zuria eta beltza. Errusiarrak daude, Holokaustoaren ondoran etorritakoak, sefardiak, askenaziak, mizrahiak, hasidimak, kabalistak, drusoak, bahadistak, eta euskal herritarra lasai geldi dadin arabiarrak, israel populazioaren %20, itxuraz eta itxuraz baino ez diot judutar hiritarren eskubide berdinak dituztenak. Eta kristauak, beduinoak, samariarrak, elkarrekin ahaide-tzetik sortu gaixotasunak genetistek kanpotarrekin ezkontzera beharturikoak, beduinoak, zirkasianoak, bahadistak, judutar afroamerikarrak eta abar eta abar. Tel Avivek oso ekialde hurbileko hiri arabiarra ematen du eta seguru aski aski berdintasun handiagoak izanen dira palestinarren eta bertako judu baten artean ezen ez euskal herritar bat eta palestinar baten artean. Izan ere gure imaginarioa sabiniarrean, zeina bestalde abertzaletasun guztiaren hondoan baitago, Jainkoaren herri aukeratua izan gara, judutarrek, eta gero beste hainbat herrik, Hego Afrikako afrikanerrak, esaterako, ezarritako paradigmaren arabera. |
|