 |
|
|
 |
Iazko Sagardo Egunaren argazki bat. argazkia: ruben plaza |
|
|
|
Sagardo Egunak ongi etorria emango die bihar Euskal Jaiei
|
|
Produktore beteranoenek omenaldi beroa jasoko dute 13.00ean elkarteko beste kideen eskutik.
|
 |
|
Elene Arrazola
|
 |
Donostia. Sagardotegi erraldoi baten itsura hartuko du bihar Donostiako Konstituzio enparantzak. Goizetik hasita, Gipuzkoa osoko 50 sagardogile bilduko dira Alde Zaharreko puntu honetan bertara inguratzen direnei beren urteko edarien kalitatea erakusteko asmoz. Guztira 10.000 sagardo litro inguru zerbitzatuko dira 11.00ak eta 13.45ak artean, baina horretaz gain, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte Euskal Jaien lehenbiziko egunerako: Sagardogileen elkarteko beteranoei egingo zaien omenaldia, kasu.
Kupelak eta sagardo botilak 11.00ak aldean irekitzen hasiko dira, Estanga anai-arreben txikitixa soinuek 23.urtez jarraian antolatzen den jaiari hasiera eman bezain laster. Urtero bezala, jendez gainezka egongo da Konstituzio enparantza eguerdirako. Izan ere, Sebastian Lizaso eta Beñat Gaztelumendi bertsolarien saioa izango da 12.30ean.
Jarraian, goizeko momentu hunkigarrieneako baten txanda ailegatuko da. Gipuzkoako sagardogileen elkarteko lehendakaria den Arantxa Eguzkizak atzo jakitera eman zuenez, Jose Cruz Kalonge, Ascensio Intxauspe, Ramoni Lopetegi, Juan Mendizabal eta Lourdes Portugal omenduko dituzte. "Elkarteko kideen artean 65 urte betetzen dituzten produktoreak omentzeko ohitura dugu eta aurten bost lagun hauei urtetan egindako lana eskertuko diegu", aurreratu zuen Eguzkizak.
Ekitaldiaren ondoren, Mikel Ugartek txalaparta soinuak eskainiko dizkie plazan bildutakoei.
eskaintza haundia Sagardozaleek 3 euroko prezioa izango duen basoa erosi behar izango dute edaria dastatzeko eta ondoren, nahi adina litro edan ahalko dituzte Donostiako Kultura ordezkariak, Ramón Etxezarretak, esan zuenez.
Gainera, txorizo egosia, bakailu tortila eta gazta ogitartekoak jateko aukera izango da 14.45ak arte. Ordu horretatik aurrera, mahaiak bildu eta Gaztelubide eta Euskal-Billera elkarteetan bilduko dira sagardogileak urtero egiten duten anaitasun bazkariaz gozatzeko.
Eguzkizak eta Etxezarretak Konstituzio plazara inguratzeko gonbitea luzatu zieten donostiarrei, "Euskal Jaien hitzordu garrantzitsua delako". |
|