|
|
|
Zirrikituetatik begira
|
|
Xaboia
|
|
Pili Kaltzada
|
|
 |
HITZEK ez dute xaboiaren an-tzik. Bernardo Atxagaren ipuin zoragarri baten irakurri nuen gogoeta hori aspalditxo, baina ez dirudi jendartera behar bezala zabaldu denik, ezin uler baitaiteke bestela nolatan ari garen oraindik betiko leloari bueltaka. "Zenbat eta gehiago erabili xaboia, orduan eta urrituago eta gastatuago; hitzak, ordea, alderantziz: zenbat eta erabiliago orduan eta aberatsago". Bada, darabilenak jakin dezake noraino zaion baliagarria delako hizkuntza.
Joan den astean sozialistak irten ziren plazara, hizkuntza sesio politiko ororen gainera eraman eta hika mika ideologikoetatik salbatu beharra aldarrikatuz. Hala bedi. Inorena ez den hizkuntza aldarrikatu dute, hala izatera guztiona izango dela ondorioztatu daitekeelako. Hitz ederrak dira, dudarik gabe, baina funts handirik gabeak. Euskarak aspaldi honetan sobran duen bakarra salbazioa iradokitzen duten hitz ederren segida da. Atxagaren aipua berriro datorkit gogora, gutxi gora-behera, halaxe jarraitzen baitu: "horregatik dabil bizkor gaztelera eta makal euskara: jendeak berealdiko gauza pila egiten dituelako euskararen alde, salbu eta beharrezkoa den bakarra: hitz egin".
Zaharregiak dira kontu hauek guztiak, Europako hizkuntzarik zaharrenari ere zaharkiturik geratzen zaio eztabaida antzuaren jantzia. 1968ko urrian abian jarri zela euskara batuaren prozesua, hizkuntza komuna finkatzeko oinarriak jarri zituen Arantzazuko Biltzarrarekin. Haren kariaz gogoratu dituzte orduko eztabaida eta hika-mikak, gaur egungoen antz handi-handikoak, portzierto. Orduan eta gaur oker dabiltza euskarari norberarena baino ez den miopia kulturala egotzi nahi diotenak. Zaharra izanik ere, euskara garai berrietarako gertu dago, eta eroso ibili daiteke hiztunok behar ditugun zeregin eta ingurumaria orotan. |
|