Konturatu barik, liga txapelketearen lehen laurena jokatuta dago daborduko eta garbi esan geinke Athleticek hasiera ona emon deutsola ikasturte barriari. Lehen bederatzi jardunaldiek itxi deuskuezan datuak positiboak dira. Lau garaipen, hiru bardinketa eta galdutako partidu bi. Hamasei gol alde eta bederatzi bakarrik aurka. Real Madridek, Atletico de Madridek eta Las Palmasek baino ez dabe jaso zuri-gorriek baino gol gitxiago. Lortutako emaitzetatik harago, Ernesto Valverderen taldeak transmititzen dituen sentsazinoak onak dira. Zuri-gorriek sendotasun handia erakutsi dabe partidu gehienetan -Real Madrid eta Realaren aurkakoak kenduta- eta nahiko eraginkor agertu dira aurkariaren atea zulatzeko orduan. Hau hasi besterik ez da egin baina bederatzi jardunalditan ikusitakoak baikor egoteko arrazoiak emoten deuskuz etorkizunera begira.

Aspaldiko garaipenik erosoena eskuratu eban Athleticek Almeriaren aurka San Mamesen. Bigarren gola sartzeko nahi baino denpora gehiago behar izan arren, zuri-gorriek ez eben ezelanago arazorik izan oso maila eskasa erakutsi eban aurkaria menderatzeko. Kontua ez da meritoa kentzea Valverderen taldearen garaipenari, baina argi eta garbi esan daiteke Almeria aspaldion Katedraletik igarotako talderik makalena izan dala. Erronka gatxari heldu deutso Gaizka Garitanok.

Aurkariaren mailea alde batera itxita, joko ona erakutsi eban Athleticek barikuan San Mamesen. Eta izen guztien ganetik, Oihan Sancetena nabarmenduko neuke. Nafarra hamaikakora itzuli zan Anoetan partidu bateko zigorra bete ondoren eta taldearen erasoko jokoak onerako igarri eban nafarraren itzulerea. Nire uste apalean, barriro esango dot Sancet taldeko jokalaririk garrantzitsuena dala gaur egun. Hamaikakoko lekurik gatxenetakoan jokatzen dau, baloi gehienak lepoz hartzen ditu-eta. Sancetek, baina, inork baino hobeto egiten dau baloia kontrolau eta bueltea emoteko keinua. Ikaragarria da eta gehienetan geldiezina aurkarientzat. Hori gitxi balitz, abilezia dauka golak sartzeko orduan. Kontuak kontu, txartel gorri gehiago ez ikusteko ahaleginak egin daizala eskatu behar deutsagu, ezinbestekoa da-eta Valverderen hamaikakoan.

Beti pentsau izan dot eta pentsau gura dot Athletic futbol klub bat baino gehiago dala, herritik sortutako erakunde berezi eta ederra. Hori dala eta, bedartzan jazotakoaz aparte beste arlo batzuk be zaindu behar doguz, euskereari jagokona batez be. Zoritxarrez ez dogu euskera askorik entzuteko aukerarik izaten Katedraleko Jose Iragorri prentsa aretoan, bertatik igarotzen diran gehienek ez dakielako euskerez berbetan. Joan zan barikuan, ostera, euskeraz berbetan dakien jokalari bi jesarri ziran mikrofonoen aurrean. Gure zoritxarrerako, ostera, batak zein besteak gazteleraz bakarrik egin eban berba.

Euskeraz dakienek egiten ez badabe, galduta gagoz. Kontu honeri -prentsaurrekoan euskeraz ez egiteari euskaldunak izan arren- buelta asko emon deutsadaz. Izan be, sarritan jazoten da Lezaman zein San Mamesen. Garbi dago, jokalariek askatasun osoa daukiela zelan egin behar daben berba erabagiteko eta kazetariok errespetau egin behar dogula euren erabagia. Geuk be, euskerazko komunikabideok eta euskerea maite dogunok, eskubide osoa daukagu eskatzeko euskeraz dakien jokalariak euskeraz egin daian. Ezin dogu amore emon eta normaltzat jo euskerarik ez entzutea San Mamesen eta Lezaman. Athletic futbol klub bat baino gehiago dalako. Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak.