Carlos Gurpegi Nausia ez da Bilbao Athleticeko entrenatzailea izango hurrengo denporaldian. Klubeko gizonezkoen bigarren taldeak mailaz igotea lortu dau denporaldi bikaina egin ostean. Halanda be, Gurpegik ez dau segiduko entrenatzaile lanetan, klubaren eskeintzeari ezetz esatea erabagi ostean. Ganera, ez dago argi Athleticen jarraituko dauen ala beste bideren bat hartuko dauen. Edozein kasutan, errespetau egin behar dogu hartutako erabagia. Athletic zale ikuspuntutik azertuta, Carlos Gurpegik kluba lagatzea barri ezin txarragoa da. Entrenatzaile bikaina dala erakutsi dau Basconian zein Bilbao Athleticen egin dituen denporaldietan. Beraz, goi mailako profesionala galduko dogu. Edozelan be, arlo teknikoa ez da gehien kezkatzen nauena. Itxaron daigun Athleticeko kirol arduradunek etxeko entrenatzaile baten aldeko apostua egitea Bilbao Athletic zuzentzeko hurrengo denporaldian, orain dala urte bi egindako hanka sartzea ez errepikatzeko.

Carlos Gurpegi jokalari eredugarria izan zan eta giza seme eredugarria da, Athleticen baloreak ederto laburbiltzen dituena. Basconian eta Bilbao Athleticen izan dituen jokalari eta lankideentzako, pribilegio handia izan da Carlos Gurpegirekin lan egiteko aukerea euki izana. Harrokeri bako gizona, zuzena, zintzoa eta gizatasun handikoa. Kirol aldetik edozein entrenatzailerentzat oso aukera erakargarria zan Bilbao Athletic zuzentzea hurrengo denporaldian federazinoaren lehenengo mailan. Gurpegik, baina, ezetz esatea erabagi dau. Athletic Clubek nafarrak hartutako erabagiaren barri emon ebanetik domekan, galdera bat dabil zaleen artean: Zergaitik erabagi dau entrenatzaile izateari uko egitea hain erronka erakargarria izan da esku artean? Nire ustez, garbi dago Carlos Gurpegik kirolagaz zerikusirik ez daukien faktoreak lehenetsi dituela. Urte asko daroaz futbol munduan eta une gogorrak bizi izan ditu, lesinoak eta zigorrak dirala tarteko. Lan barik dagozan entrenatzaileei sarri entzun deutsagu esaten faltan botaten dabela aulkian egoteak eta lehiaketak berak eragiten daben adrenalinea. Gurpegiren kasuan, baina, ez da zoriontsu –antza– egiten dauen beharragaz eta beste bide bat hartzea ebatzi dau zoriontsu bizitzeko ahaleginean. Lehentasun batzuk ditu eta horreei merezi daben garrantzia emon gura deutse. Pena handiz hartu dot haren erabagia asko estimatzen dotelako, Athletic zale guztien moduan. Edozelan be, ausarta da eta bere eta bere ingurukoen zoriotasuna ipini dau gauza guztien ganetik. Suerterik onena Gurperentzat bere ibilbide barrian.

Merito handiko garaipena eskuratu eban Athleticek Getaferen zelaian. Lau jardunaldi eroiazan Valverderen taldeak irabazi barik Ligan eta azken partiduan lortutako garaipenak eten egin dau zuri-gorrien bolada txarra. Behar eban emaitza positibo hori. Bordalasen taldearen aurka eskuratutako hiru puntuek, baina, ez dabe gauza handirik aldatu sailkapenean. Jardunaldi bat gitxiago geratzen da 23-24 denporaldiari amaierea emoteko eta sailkapeneko laugarren postua sei puntura dago hondino be Atletico de Madridek garaipena eskuratu ebalako Mallorcaren aurkako partiduan. Hori bai, eskerrak Athleticek irabazi egin ebala sailkapeneko bosgarren postuan sendotzeko. Izan be, atzetik datozen Realak eta Betisek garaipena lortu eben-eta. Azkenik, nabarmentzekoa da emakumezkoen taldea egiten dabilen lana denporaldiaren azken txanpan. Itzela izango litzateke David Aznarren talde gaztea Txapeldunen Ligan ikustea hurrengo deporaldian.